Lehenengo porrota etxean
Lointek Gernika Bizkaiak Duran Maquinaria Ensinoren aurka galdu du liga erregularreko lehen norgehiagoka, Malosten, 66-74ko emaitzarekin. Gernika-lumotarrak atsedenaldira 8 puntuko aldearekin joan arren, galiziarrek markagailuari buelta ematea lortu zuten, defentsan eta erasoko errebotean sendotuz.
Sentsazio baikorrak utzi dituen denboraldiaurre baten ostean, Lointek Gernika Bizkaiak emakumezkoen Endesa ligako lehen partida jokatu zuen zapatuan, Malosten. Duran Maquinaria Ensinoren aurkako norgehiagokan porrot egin zuten, markagailuan gainetik jarrita hasi ziren partidan. Oso berdinduta hasi zuten jokua bi taldeek, eta Lucas Fernandez foru herriko taldearen entrenatzaileak argi nabaritu zuen hori: “Oso estututa hasi genuen partida talde biak. Bakoitzaren erritmoa aurkitu ezinean, baina defentsan sendo agertuz”.
Hala ere, Annika Soltauren saski azpiko jokuaz baliatu ziren Fernandezenak lehenengo zatian zehar, eta Taylor Mikesellen kanpoko jaurtiketarekin batera, atsedenaldira 8 puntuko aldearekin heldu ziren etxekoak. 36-28. Tamalez, lesioek ere izan zuten tokia Malosten, zapatuan. Izan ere, Fernandezek ez zuen oraindik Ane Olaetarekin kontatzen bere talde ohiaren aurkako partidarako. Gainera, Soltauk eta Alberdik ere min hartu zuten denboraldiko lehen minutuetan. Alberdiri azkenaldian lesioek ez diote laguntzen saskibaloian: “Azken urteotan lesioak ez didate lagundu, eta estabilitatea izateko gogoa dut jada”. Zelaira irten eta minutu batera hankan min hartu zuen gernika-lumotarrak, baina aditzera eman duenez “sustoa” baino ez zen izan.
“Gure hirugarren laurdeneko sarrera oso txarra izan zen. Ez genuen beharrezko energia hori transmititu eta gure momentu txarrenak, beraien onenak izan ziren. Joku fisikoa eta intentsitatea handitu zuten, eta gure akatsak zigortu zituzten, batez ere errebotean”, nabarmendu zuen etxeko entrenatzaileak atsedenaldi osteko taldearen jokuarengatik. Alegia, defentsa sendotu zuten galiziarrek, eta horrek etxekoen eraso deserosoak ekarri zituen. Gernika-lumotarrek ez zuten erasoko errebotea aldeko izan, eta horren eraginez, eta aipatutako akatsak zigortuaz, hiruko lerrotik arrakastatsu agertu zen Alexy Mollenhauer galiziar taldeko hegal-jokalaria, markagailuko aldea nagusituz, eta etxekoak partidatik kanpo utziz.
Gernika-lumotarrak saiatu ziren arren, ez zuten saskiratzea lortzen. Itziar Ariztimuñok eta Irati Etxarrik maiz egin zuten saiakera, baina ez zuten zorte handirik izan. Awa Fam etorri berria izan zen etxeko taldearen une ilunenetan argia jarri zuena, baina ez zen nahikoa izan. Ez zuten markagailua beraien alde jartzea lortu, eta 66-74 galdu zuten.
Ez zen imaginatzen zuten hasiera izan. Hala ere, Fernandezek aurkariak zoriondu zituen: “Duran Maquinaria Ensino taldea zoriondu behar dut, gure une onak jasaten jakin zutelako, eta une txarrenak aprobetxatu zituztelako”. Geroz eta nibel altuagoa dago ligan Alberdiren hitzetan, eta denboraldiaurre itzel bat egin arren, “horrek ez du esan nahi denboraldia ere horrela joango denik”. Bigarren jardunaldia ere etxean jokatuko dute, partida osoan zehar isildu gabe egon zen marea granatearen aurrean. Kasu honetan Movistar Estudiantes izango dute aurkari etxekoek, zapatu honetan, 18:00etan.