Jon Koldo Bikandirenak izan dira abelbururik onenak
Ganadutegi onenaren saria jasotzeaz gain, ar eta eme onenaren sariak ere jaso ditu Bikandik, helduen kategorian. Behi gazte onena Arbaiza Anaiena izan da, eta ar gazte onena, berriz, Ustarrozena. Hazi jartzearen eme txapeldunaren saria ere Ustarrozena izan da. Guztira 105 abelburu eta 12 ganadutegi egon dira. Halaber, azokan 30 saltoki jarri dituzte.
12 ganadutegitako 105 abelbururen topagune izan da atzo (urriak 6) eta gaur (urriak 7) Gernika-Lumo. Piriniotar Abelburuen Euskadiko 37. Txapelketa lehiatu dute, eta hitzorduak ez du hutsik egin. Domekan egin zituzten epaileek lehen aukeraketak, eta gaur erabaki dituzte sari nagusiak. Hori horrela, aurtengo lehiaketako abelbururik onenak Jon Koldo Bikandirenak izan dira, “euren homogeneotasunagatik”.
Ganadutegi onenaren sariaz gain, eme eta ar onenen sariak ere banatu dituzte, bi kategoritan: gazte eta heldu onenena. Hala, arren kategorian, txapeldun nagusia ere Bikandirena izan da, eta idizko gazte onenaren saria Nafarroara joan da, Ustarroz ganadutegira. Bikandirena izan da eme heldu onenaren saria gaur, eta, behi gazte onena, berriz, Arbaiza Anaiena. Horrez gain, hazi jartzearen saria Ustarrozek eroan du.
Aurtengo lehiaketan, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako launa ganadutegi izan dira: 41 abelburu aurkeztu dituzte bizkaitarrek, 31 gipuzkoarrek eta 33 nafarrek. Horietatik guztietatik 95 izan dira emeak, eta 10, aldiz arrak. Denak ala denak “ederrak” epaileentzat, baina ganadutegi onena Bikandirena izan da, laugarren urtez jarraian; aurretik ere irabazi du ganadutegi onenaren saria, “hamabost bat aldiz”, bere berbetan.
Ganadutegi onena aukeratzerako orduan, abeltzainen beteranotasuna eta produktuaren homogeneotasuna aipatu dituzte epaileek, Bikaindik marka propioa daukala nabarmenduz. “Parekoak dira Bikandiren animalia denak, antzekoak, eta arrazaren koloreak ere mantentzen dituzte. Gainera, denetarik dauka: animalia gazteak, nagusiak, zezenak, behiak, zekorrak… Bera da irabazlea”, argi esan du epaileek. Hala ere, beste lau ganadutegien maila ona eta urte guztiko lana eskertu gura izan dute, horiek ere “sekulako animaliak” ekarri dituztela azpimarratuta.
Elizondoko lehiaketan ere “oso ondo” ibili zirela-eta, irabazteko esperantzagaz hurbildu dira Iurretatik Bikanditarrak. “Lote ona ekarri dugu, eta eduki dugu esperantza sariren bat edo beste eskuratzeko, lehenengo hiru postuetan kokatzeko. Gero, beti da ezustekoa behirik edo zekorrik onenaren saria jasotzea”, onartu du Jon Koldo Bikandik.
Hala ere, euren helburua beti izaten dela ganadutegi onena ekartzea aitortu du: “Ukuilurik onena ekartzeko prestatzen gara urte guztian. Aurten, zalantzak izan ditugu zeintzuk aurkeztu erabakitzeko, baina semearen laguntzagaz, bion artean, lortu dugu erabakitzea eta saririk onena lortzea”.
Urte osoan egin beharreko beharra “gogorra” izaten da, baina azken urteetan jasotzen duen semeen laguntza nabarmendu du. “Lan gogorra izaten da ganadutegia prestatzen ibiltzea, baina azken bi urteetan nahiko lasai ibili naiz. Emaztea eta biok kanpora goazenean semeak kargutzen dira ganadutegiaz“, azaldu du.
Gaur, familiako hiru belaunaldi egon dira Gernikan: aitite, aita eta semeetako bat. Hala ere, belaunaldi aldaketa horretan “ez dutela” pentsatzen dio aitak: “Lagundu egiten didate, baina momentuz ikasten ari dira. Gazteena agronomo ikasketak egiten ari da, baina bere helburua beti izan da suhiltzailea izatea; ez dakit lortuko duen edo ez, baina bere erabakia izango da”.
Hala, gaur lortutakoagaz “oso pozik” dago, “ezin du gehiago eskatu”.
Izan ere, ganadutegi onena jasotzeaz gain, ar eta eme heldu onenak ere bereak izan dira. Behiaren kasuan, jarrera edo egoteko era bikaina zeukala nabarmendu dute, baita behia harmonian hazitakoa eta ondo prestatutakoa zela ere; txahala ere ondo jandakoa dela eta kolore bikainekoa dela gehitu dute. “Edozeinek eroango zituen aurkeztu diren guztiak etxera. Zaila da bat aukeratzea, baina behi osoena, harmonikoena, lehoinabar kolorekoa, eta haragitan ere ondo egon dena da Bikandirena”, azaldu dute epaileek. Bikandiren zezenaren kasuan ere, gaztetasunagatik, “ondo hazitako, kolore bikaineko eta azal oneko zezena” zela esan dute, “zezen bikaina”.
Intseminazioaren arloan, behi nagusiena izan da onena, Ustarrozena, erabateko behia delako, epaileen bernetan: “Papar oso ona, luzera bikaina, azpizun handia eta dotorea da”.
Horrenbestez, lehen sektoreko erreferentzia gune eta tokiko arrazaren erakustoki bihurtu da Santa Anako aparkalekua. Izan ere, azokaren helburua da bertoko behi arraza sustatzea eta jendaurrean erakustea, baita arrazan egiten diren hobekuntza genetikoen berri ematea eta horiek erakustea ere. “Espainiar estatuan, okelarako hazten diren arrazen artean, piriniotar arraza da zuhaitz genealogikodun lehenengoa, 100 urte baino gehiagokoa”, adierazi du IƱaki GorroƱo Gernika-Lumoko alkateordeak.
30 postu.
Beti bezala, baserriko produktu onenak dastatzeko eta erosteko aukera eduki dute Santa Anara bertaratuĀ direnek. Oraingoan, azken urteetan legez, 30 saltoki egon dira, eta denetariko produktuak saldu dituzte. Besteren artean, txakolina, sagardoa, ogia, euskal pastela, gazta eta etxean egindako beste hainbeste produktu eduki dituzte aukeran azokan, eta artisaulanak ikusi eta erosteko aukerarik ere ez da falta izan. Horrez gain, kalitatezko labela duen piriniotar arrazako okela dastatzeko aukera ere izan dute bertaratu direnek.