"Adineko pertsonok eskubidea dugu bizi baldintza duinak izateko"
Busturialdeko pentsiodunek elkarretaratzea egin dute gaur (urriak 7), administrazioei "zaintza publiko, unibertsal, hurbil, duin eta kalitatezkoaren eredua bultzatzeko" eskatuz. Hainbat lagun bertaratu dira helburu berdinaren alde aldarrikatzeko.
“Adineko pertsona guztiok eskubidea dugu bizi baldintza duinak, pentsio publiko nahikoak, zerbitzu publiko unibertsalak eta etxebizitza osasungarriak izateko”. Aldarri argi hori plazaratu dute Busturialdeko pentsiodunek gaur (urriak 7) Gernika-Lumoko Foruen plazan egindako elkarretaratzean. Euriak ez du beraien grin eta gogoa gelditu. Hilabeteroko lehen astelehenetan elkartzen dira, alegia, borrokatzen eta aldarrikatzen jarraitzeko. “Erabaki nahi dugu zelan bizi nahi dugun, zelan izan nahi dugun zainduak guk gure burua zaindu ezin dugunean, baita nola hil nahi dugun ere”, gehitu dute.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Palestinarekin bat egin duela eman dute aditzera elkarretaratzearekin eta adinekoen eskubideen aldarrikapenarekin hasi aurretik, eta “Palestina Stop” hitzekin, minutu bateko isilunea egin dute.
Irailaren 26an Eusko Legebiltzarraren aurrean egon zirela nabarmendu zuten, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua “Herri Ekimen Legegilea ofizialki sartzea” eskatuz, eta 500 lagun inguru bilduz. Aurreko egunean, gainera, Bilbon, prentsaurrekoa egin zuten horren inguruan hitz egiteko. Prozesu horrek helburu bat du: Gutxienez 10.000 sinadura lortu ostean, Eusko Jaurlaritzak izapidetzeko lege baten eztabaida parlamentarioa onartzea. Halaber, Euskal Herrian kezka handia dago pertsona nagusi ahulek bizi duten egoeraz, eta prozesu horrek ikusgarritasuna ematen dio beraien borrokari. Izan ere, adineko asko asistentzia zentroen eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen erabiltzaileak dira, eta gutxieneko pentsioak ez dira nahikoak izaten: “Oinarrizko zerbitzu publikoetan gero eta murrizketa gehiago daude, pribatizazioa handiagoa da eta prezioak garestiagoak”.
Hala, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako egoiliarren senitartekoen elkarteek, Pentsiodunen Mugimenduagaz batera, salatu dute Euskal Herriko adinekoen kolektiboaren errealitatea “oso urrun” dagoela foru aldundien eta gobernuaren diskurtsoetatik. “Indarrean dagoen legediaren ezarpenak eta azken urteotako murrizketek ez dituzte betetzen ez zerbitzuen gizarte eskaria, ezta erabiltzaileen eta langileen bearrizanak”, azaldu dute.
Nabarmendu dute sektore soziosanitarioa “sektore feminizatua” dela: “Langile gehienak emakumeak dira, baldintza txar eta lotsagarrietan lan egiten dutenak”. Izan ere, diotenez, administrazioen “pribatizazio eta ekonomizismo asmoek” negozio eta irabazi asmoen eredua ekarri dute, “errentagarritasun ekonomikoa bilatzen duten merketaritza irizpideetan oinarrituta”.
Koordinazio soziosanitarioaren falta salatu zuten, eta egoitza zentroetan unitate soziogeriatrikoak eta soziosanitarioak jartzeko eskatu dute: “Prozesu eta emaitza irizpide argiak dituen kalitate eredu bat eskatzen dugu, baita egoiliarren banakako arreta planak egitea ere, nahitaez bete beharrekoak, eta, ez, gomendioak”.
Horrez gain, administrazioei exijitu diete “beste alde batera begiratzeari uzteko”, eta, elkarrizketaren eta gizarte eragileen parte hartzeagaz batera, “zaintza publiko, unibertsal, hurbil, duin eta kalitatezkoaren eredua bultzatzeko”. Ze, pentsio publiko, duin eta nahikoak eskatzen dituzte, pertsona guztiek bizi baldintza duinak izan ditzaten.
Elkarretaratzeari amaiera emateko, argi utzi dute, mobilizatzen ia zazpi urte beteko duten honetan, “plazak betetzen” jarraituko dutela. Horrela, etorkizun hurbileko hurrengo datak zehaztu dituzte. Gugghenheim dela eta “manifestazio zaratatsua” deitu da urriaren 19an (zapatua), Gernika-Lumon, arratsaldeko 18:00etan. Adierazi dutenez, eskualdeko Pentsiodunen mugimenduak horrekin bat egin du, eta beraz han egongo direla azpimarratu dute. Bestalde, urriaren 21ean, Palestina plataformak deialdi orokorra egin duela eman dute aditzera, Euskal Herriko herri guztietan manifestatzeko. Urtero joaten diren Madrilgo irteerarekin bukatu dituzte daten azalpenak: “Estatuko pentsiodunekin kongresu aurrera joaten gara urtero. Egun berean joan eta bueltatzen gara. Aurten, urriaren 26an (zapatua) joango gara”. Horrekin batera, joan nahi izatekotan, Busturialdeko Pentsiodunen mugimenduarekin harremanetan jartzeko gogoratu dute, autobusak antolatzeko.