Euskal Jaia: 'zer garen, nor garen'
Jende pila bat bildu du Gernika-Lumoko XV. Euskal Jaiak. Euskal kulturaren erroak oinarri harturiko denetariko kultur eskaintzagaz, belaunaldi arteko transmisioan ipini dute fokua.
Zer gara gu? Nor gara gu? Euskotarrak gara gu. Halaxe dio euskal abesti zahar eta herrikoiak; halaxe aldarri egin dute gaur [urriak 5], Gernika-Lumon. Euskal Jaiaren XV. ekitaldiak euskaldun izaera, ohiturak eta nortasuna nabarmendu ditu beste urte batez. Herritarrek beraien apaindurarik lerdenenak kaleratu dituzte, egutegian gorriz markaturiko eguna goi-goitik ospatu asmoz. Euskaragaz eta euskaltzaletasunagaz bat egin dute, musika, ohiturazko ekimenak, gastronomia eta folklorea uztartu dituen ospakizun ederrean. Horretarako, egun osoko egitaraua eduki dute herritarrek. Egitarau horren irteera, baina, atzo [urriak 4] egin zuten: egun handiaren bezperan, Euskal Jairako zapiak zelan ipini irakasteko saioa egin zuten.
Gaur, goizak esnatu bezain pronto iratzarri da gernika-lumotarren nahiz inguru herritarren jai grina. 09:00etan, Merkatu plazan azoka berezia egin dute, protagonista berezi baten presentzian oinarrituta: sukalkia izan du ardatz azokak. 11:00etan, aldiz, eguneko une gorenetako baten atarikoa iritsi da. Urdaibai Kantaguneak harrera beroa egin die Pasealekuan Euskal Jaira bertaratutako gainontzeko kantaguneei; guztira, hamasei izan dira hurreratu direnak. Kopuruaz harago, bakoitzaren jatorri nabarmendu dute, besteren artean, Arabatik, Gipuzkoatik, Bizkaitik edota Ipar Euskal Herritik etorri baitira kantari taldeak.Ā
“Guztion ardura da ostetik datozen belaunaldiei geure ohiturak irakastea, galdu ez daitezen, horrelaxe bakarrik iraungo baitu bizirik herriak”
12:00etan eman diote hastapen ofiziala jaialdiari. Foru plazan elkartu dira kantagune guztietako ordezkariak, txistu hotsak Zer gara gu jotzen zuen bitartean. Aurten, Gazteak Txistulari Elkarteko kideek eduki dute Euskal Jaian pregoia irakurtzeko ohorea. Belaunaldi arteko txandapasa izan dute hizpide pregoilariek: “Guztion ardura da ostetik datozen belaunaldiei geure ohiturak irakastea, galdu ez daitezen, horrelaxe bakarrik iraungo baitu bizirik herriak”. Alde horretatik, “aurretik egondakoek” eginiko lanaren aitzatespena ere egin dute. “Geure aurrekariek transmisio behar hori egin zutelako gaur gu gaur hemen”, aldarrikatu dute.Ā
Bizirik dago Euskal Jaia. Etengabe mugitzen dago. Aldatzen eta moldatzen dago. Mugikortasun horren jatorria, baina, argi eta garbi laga dute gaur: “Geure etxeko ateak edonorentzako zabal-zabalik daude, prest gaude guztiengandik ikasteko, baina gauza bakarra eskatu nahi dizuegu: errespetatu itzazue gure kultura, ohiturak, hizkuntza, folklorea, sustraiak”. Plaza kantu, irrintzi eta aldarriek hartu dute, eta ondoren jaiak Merkurio iturri ingurura jo du. Bertan, eguerdi aldera, egun osoari aurre egiteko hornidurarik onenaz gozatu dute herritarrek: kupel zabaltze ekitaldia egin dute eta, jarraian, sagardoa, intxaurrak edota momentuan eginiko taloa han-hemen banatu. Tripazorriak ondo uxatuta, kantaguneetako kideek, Elai Alai Dantza Taldekoek, Busturialdeko gaitero nahiz trikitilariek eta Segundo Olaeta Musika Eskolakoek kalerik kale jo dute, bazter oro musikaz jantziz.Ā
Haur, gazte eta nagusi.
Bien bitartean, gaztetxoenentzako plaza aparta izan da Merkurio: ilara luzea sortu da gargantuan sartzeko. Irriak han zein hemen. Urrun joan barik, 13:30ean, Elai Alaikoek erregelak dantzatu dituzte jendaurrean. Udalerriko dantza taldeak behar handia egin du tokiko dantza horren berreskurapenean eta suspertzean; gaurkoan, ondo bistaratu dute lan horren emaria. Eguna Merkatu plazan hasi baldin badute, toki berean elkartu dira kantaguneetako ordezkariak eta beste hamaikatxo herritar, talde bazkaritarako. Brindisaren ondoren, zelan ez, kanturik ez da falta izan mahaigainekoan. Bazkalostean, URE elkartekoek haurrei zuzendutako jolas eta herri kirol saioa egin dute.
Arratsaldean nahiz gaualdian, Euskal Jaiaren intentsitateak ez du behera egingo. Izan ere, 19:30ean, Merkatu plazan elkartuko dira Kalapitakako musikariak, Gernika-Lumoko txoko eta izkinak kalejiraz girotzeko.Ā