Atef Abu Saif palestinarrak bere liburua aurkeztuko du Bermeon
Gazako zerrendan harrapatuta eman zituen 85 egunetan bizitakoak eguneroko batean bildu zituen Atef Abu Saif idazle, politologo eta Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiak. Idatzitakoak 'Don't Look Left. A Diary of Genocide' liburuan bildu ditu, eta bihar [urriak 4] Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan aurkeztuko du.
Atef Abu Saif idazle, politologo eta Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiak eskualdea bisitatuko du bihar [urriak 4]. Zisjordanian bizi da Abu Saif, baina Israelen erasoa hasi zenean, Gazako zerrendan zegoen, familia bisitatzen. 85 egun egin zituen bertan, abenduaren 29an Rafahko bidegurutzea zeharkatu, Egiptora sartu eta ihes egitea lortu zuen arte.
Tarte horretan eguneroko bat idatzi zuen; bere bizipenak eta inguruan ikusitakoa egunerokoan bildu zituen, eta orain Don’t Look Left. A Diary of Genocide — Ez begiratu ezkerrera. Genozidio baten egunerokoa — izeneko liburuan argitaratuko du. Bihar Bermeon aurkeztuko du liburua, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan. Bere egunerokoa aurkeztu aurretik, goizean, Bermeoko Udalak harrera egingo dio udaletxean, 11:00etan. Bazkalostean, berriz, Gernika-Lumon izango da, Memoria Ibilbidea egiteko. 16:00etan hasiko dute.
Egunerokoak palestinarrek itsasoz zein airez jasotzen dituzten erasoak deskribatzen ditu, dronak zein bonbak zenbatzen igarotako gauak zehaztasun osoz azalduz. Palestinarren babesleku ziren ospitale, eliza, meskita, eskola eta unibertsitateetako bonbardaketen inguruan hitz egiten du Abu Saifek.
Israeldarrek hegoaldera alde egiteko emandako abisua aipatzen du idazleak; alde egin ezean Hamaseko kidetzat hartuko zituztela esan zien arren, Abu Saifek bazekien hegoaldea ere ez zela gune segurua izango. Izan ere, egun bat lehenago agindua jarraitu zuten zenbait lagun galdu zituen, hegoalderantz zihoazela misil batek jota.
Era berean, elikagaiak, ura, erregaia eta sendaiagak agortzen hasi ziren unea deskribatzen du, zaurituak anestesiarik gabe operatu behar zituztela gogoratuz. Heriotzari zion beldurra ere azaltzen du, bere ingurukoak senideak harrien azpian bilatzen zituztela botatzen zituzten garrasiak gogoratzen dituen bitartean. Bere emaztearen familia ere misil bidezko eraso batean hil zutela kontatzen du.
Hamahiru hizkuntzatan. Munduko hamaika txokoetan dagoeneko izan dute Abu Saifen liburua irakurtzeko aukera, hamahiru hizkuntzara itzulia izan baita: ingelesez, gaztelaniaz, katalanez, islandieraz, indonesieraz, japonieraz, italieraz, portugesez, koreeraz eta turkieraz, besteak beste, aurretik argitaratu dute; Orain, Irene Arrarats Lizeagak eta Maialen Berasategi Catalanek euskarara itzuli dute. Gaur goizean aurkeztu dute Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, eta 19:00etan, berriz, Donostiako antzoki zaharrean daukate hitzordua.
Liburua Berria dendan dago salgai, eta adierazi dutenez, salmentetatik jasotako dirua irabazi asmorik gabeko Medical Aid for Palestinians, Middle East Children’s Alliance eta Shefield Palestine Solidarity Campaign (Khan Younis Emergency Relief) gobernuz kanpoko erakunde eta elkarteei emango diete. “Mundu mailan harrera ona” izan duen liburua da, gaztelaniazko bertsioarekin bakarrik 161.000 eurotik gora lortu baitituzte.