Elantxobek igogailu publiko bi edukiko ditu 2028rako
Igogailu proiektua aurrera eroateko hirigintza plan berezia ondu dute, eta hurrengo urte hasieran onartuta edukitzea aurreikusten dute. Obrak eurak 2025 amaierarako edota 2026 hasierarako iragarri dituzte.
Datuek ez diote gezurrik: Elantxobeko udalerriaren azaleraren gehiengoa batez besteko %70eko penditza duen aldapan kokatuta dago; bertako biztanleriaren heren batek 65 urtetik gorako adina du, Bizkaiko zaharrena da. Faktore bi horiek sarritan talka egin ohi izan dute elantxobetarren eguneroko bizitzako mugikortasun errazagoaren bilaketan eta, horri aterabidea eman asmoz, udaletik aurreratu dute herrian igogailu sistema publikoa instalatzeko prozesua abiatu dutela. Elantxobeko alkate Patxi Egurrolaren arabera, eskakizun hori “duela hainbat urtetatik” agerikoa izan da udalerrian: “Duela agintaldi bi, udalean egitasmoa plazaratu zen, baina finantziazio ezak alboratu egin zuen”.
3,9 milioi euroko aurrekontua lortu dute, egitasmoa aurrera eroateko
Urteetan diru laguntza bila ibili ondoren, egungo udal taldeak lortu du aurreproiektuari ekiteko beharrezko funtsak lortu ditu: “Espainiako aurrekontu orokorretatik eskuratu dugu laguntza, eta 3,9 milioi eurokoa izango da”. Berme ekonomiko hori edukita, igogailu proektuari dagozkion lehendabiziko urratsak egiten hasia da udala. “Estreinako urratsa hirigintza plan berezia osatzea izanik, plan horren ekoizpena lizitaziora atera genuen, eta enpresa bat dabil, egun, igogailu proiektua herrigunera txertatzea ahalbidetuko duen plan horren lanketaz eta kudeaketaz arduratzen”, azaldu du alkateak. Udalak 40.000 eurotik gorako inbertsioa egin du plan hori aurrera eroateko, eta argitu dute “hainbat iragazki” pasatu beharko dituela, bere bideragarritasuna bermatzeko. Hori horrela, “gutxienez hiru hilabete” beharko dituzte, haren alderdi guztiak biribiltze aldera. Planaren behin betiko onarpena “datorren urtearen hasierarako” egitea aurreikusten dute.
Igogailuen xehetasunak.
Planaren onarpenagaz batera, lurraldearen “azterketa sakona” egin beharko dute, obrei heldu orduko: “Ikerketa geologikoak, topografikoak, teknikoak, morfologikoak eta hirigintzari dagozkionak egin behar dira, lanak segurtasunez eta kalitate bermeagaz hasteko”. Obra horiek egingo dituen enpresa ere, lizitazio bidez hautatuko dute. Prozesu horren iraupena aintzat hartuta, obren hasiera data 2026. urtearen hasieran kokatu du Egurrolak: “2025a aipatutako azterketa horiek guztiak egiteko sasoia izango da; data finkoak iragartzea oso gaitza den arren, datorren urtearen amaieran edota 2026aren hasieran lanak hastea espero dugu, baita urtebete eta urte eta erdi bitarteko iraupena edukitzea ere”.
Igogailouak L itxura edukiko du, zati bitan banatuta: lehenengoa, Bidekaletik Talara; bigarrena, Talatik Portu kalera
Igogailu proiektuak Portu kalea eta Bidekaleko goiko aldea lotuko ditu, garro bigaz: lehenengoa Bidekalean hasiko da, 14 Bidik izeneko iturria kokatuta dagoen inguruan. Igogailuaren zati horrek Talan geltokia edukiko du; han, erabiltzaileek 50 metro inguru edukiko dituen oinezko pasarela hartu beharko dute, proiektuaren bigarren tentakuluagaz bat egiteko. Bigarren igogailu hori porturainokoa izango da. Portuan, hain zuzen ere, informazio gune bat ipintzea aurreikusten dute. “Igogailu sistema osoak L itxura edukiko du: goiko zatia bertikala izango da; portutik hurren dagoena, ostera, ia-ia aldaparen pareko inklinazioduna“, argitu du Egurrolak.
Igogailuaren itxura estetikoaz galdetuta, oraindik “erabaki barik” dagoela adierazi du alkateak: “Zenbait tokitan baieztatu da kristalezkoa eta itsasargi itxurakoa izango dela, baina hori guztiori oraindik airean dago; itsasoaren eta eguraldiaren eraginei aurre egin ahalko dioten materialak aukeratu beharko dira”. Proiektuaren azken faseari begira, gainera, azpimarratu du tokiko erakundeen “inplikazioa, parte hartzea eta laguntza” beharrezkoak izango direla: “Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku hartzea beharko dugu, batez ere, egitasmoaren mantenuari aurre egiteko”.
” Helmuga oraindik oso urrun dago, baina, geure aurreikuspenen arabera, 2028an igogailua martxan egon daiteke”
“Guztiz beharrezkoa”.
Herrian igogailu proiektuaren zurrumurrua “agertzen hasia” dagoela adierazi du Egurrolak: “Kontu zaharra da, orain berriro indarra hartu duena. Jendeak badaki proiektua aurrera doala, baina ez dute inongo obrarik ikusten, eta horrek eszeptiko bihurtzen ditu. Horrenbestez, udala lasaitasuna eta konfiantza transmititu guran dabil; garrantzisua da herritarrek argi eta garbi edukitzea, lanak eurak hasi orduko, tramitez beteriko prozedura luzea kudeatu beharra dagoela”. Edozelan ere, elantxobetarrek eguneroko irisgarritasun eta mugikortasun arazoak leuntzeko “guztiz beharrezko proiektua” dela nabarmendu du: “Herrian onura handia ekarriko du. Helmuga oraindik oso urrun dago, baina, geure aurreikuspenen arabera, 2028an igogailua martxan egon daiteke”.