Basterretxea, arte gizona ere bai
Basterretxearen ume garaiko Bermeo eta beragan zein euskal artistengan 1937ko erbestealdiek izan zuten eragina bi taupadatan ezagutzeko aukera izan ostean, hirugarren taupadak Basterretxea izan zen arte gizonari buruz hitz egin du.
Nestor Basterretxea artista bermeotarraren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko askotariko ekitaldi, omenaldi eta bestelakoak egin dituzte museo, administrazio edota kultur taldeek, tartean Bizkaiko Foru Aldundiak. Euskal panoraman erreferentea den figura horrengana hurbiltzeko asmoz, efemeridea “era berezian” antolatu gura izan dute aldundikoek, eta hala egin dute. Izan ere, Basterretxea hiru taupadatan ezagutzeko ekimena prestatu dute: Basterretxea 3 taupadatan.
Basterretxearen bizitza eta ibilbide artistikoaren “funtsezko hiru garai” jorratu dituzte horrela; lehenengo taupadak bermeotarrak “umetan bizi eta gozatu zuen garaiko Bermeo” izan zuen ardatz; bigarrenean, Euskal Herria Museoak hitzaldi bat eskaini zuen, “1937ko nahitaezko erbesteraldiak” hura jasan zutenengan izan zuen eraginari buruz hausnartzeko. Zapatuan Omako basoan egindako hirugarren jardunaldiak, berriz, Basterretxearengan eragina izan zuten korronte eta mugimenduak ezagutzeko aukera eskaini zuen.
Ze, Basterretxea arte gizona zen. Hala, artistaren ikuspegi “intimoa eta hurbilekoa” eskaini zuen Fernando Bazeta EHUko irakasleak. Han izan ziren, besteren artean Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusi Begoña de Ibarra eta Basterretxearen senideak.
Hala, Omako basoan barrena, artista bermeotarraren eragin artistikoak eta bilakaera aztertu zuten, “XX. mendeko erreferente kultural garrantzitsuenetako bat izan baitzen”. Gainera, Agustin Ibarrolaren lanaren analisia egiteagaz batera, Basterretxeak 57 Taldeagaz izandako harremanagaz, GAUR mugimenduan izandako parte hartzeaz edo Malevich artistaren eraginaz gogoeta egin zuten bertaratu zirenek.