Ilusioz beteriko talde berritua
Lointek Gernika Bizkaia liga hastear dago. Zapatu honetan emango diote hasiera Malosten, 18:30ean, Duran Maquinaria Ensino Lugoren aurka. Talde berri eta gaztea eratuta, "ilusioz beteta" agertu dira jokalariak gaurko media day-ean.
Aurredenboraldiari itxiera emateko, Euskal Kopa bereganatu berri du Lointek Gernika Bizkaiak joan den asteburuan Beasainen. Asteburu honetan ordea, Duran Maquinaria Ensino Lugoren aurka ligako ateak zabaltzearekin batera, Malosteko ateak ere zabalduko dituzte. Izan ere, etxean hasiko dira lehiatzen Lucas Fernandezenak, “ilusioz beteriko” taldea eratu berri duten honetan. Denboraldi eta talde berri horrekiko helburu eta aurreikuspenak adierazi dituzte gaur, klubak prestatutako media day-ean. Marta Alberdi gernika-lumotarrak bere bosgarren denboraldia osatuko du herriko goi-mailako taldean, eta adierazi duenez taldeak jasandako aldaketa nabaria da: “Iazko taldetik hiruk baino ez dugu jarraitzen aurten, eta gainera oso jende gaztez osatu da taldea”. Joku intentsoa nagusituko dela eman dute aditzera jokalariek, eta gazteak izan arren, esperientzia puntu bat ere badutela aitortu dute: “Itziar Ariztimuño edo Irati Etxarrik, adibidez, urte nahikotxo daramatzate liga honetan, eta ezagutza asko dituzte horrekiko”.
Gaztetasunaz gain, urte askoren ostean etxera bueltan dauden bi jokalarik ere osatzen dute taldea: Ane Olaeta eta Naia Zubiaga. Lehenengoak “gogo askogaz” hasten du denboraldia. “18 urterekin joan nintzen eta 25ekin bueltatu naiz. Ez nuke esango beste pertsona bat naizenik, baina bai asko aldatu eta hazi naizela. Ideia desberdinak ditut, eta oso baliagarria izan da niretzat kanpoan bizitako esperientzia”, aitortu du Olaetak. Taldearen nortasuna ere argi definitu du: “Ilusio askoko taldea gara. Dena borrokatuko duguna. Taldeko jokalari guztiok dugu amankomunean ezaugarri hori”. Zubiagak, ordea, 18 urte baino ez ditu, eta Bartzelonan 4 urte egon ondoren etxera bueltan dago. Adierazi duenez, “oso pozik” dago taldearen harrerarekin. Gazteenetakoa da, baina denboraldi honekiko itxaropenak argi ditu: “Entrenatzen asko ikastea espero dut, batez ere nagusienengandik. Jende oso ona dago, eta ni gaztea naiz oraindik, baina minutu batzuk lortzea eta lan eta lan aritzea da nire helburua”.
Irati Etxarri: “Taldea oso ondo doa, eta uste dut entrenatzaileak pozik daudela orain arte egin dugun lanarekin”.
Araski, Cadi la Seu eta Gironan jokatu ostean, Gernika-Lumon egonkortu da Irati Etxarri taldearen berritasunen arteko esanguratsuenetarikoa, Awa Fam eta Elena Buenavidarekin batera. Iruñearra orain arte ikusi eta jokatutakoarekin “oso pozik” agertu da, eta taldea bide onetik doala uste du: “Taldea oso ondo doa, eta uste dut entrenatzaileak pozik daudela orain arte egin dugun lanarekin”. Denboraldi hasiera honekin “irrikitan” dagoela eman du aditzera gainera. Izan ere, Gernika-Lumotaz itxaroten zuena aurkitu du. Azken bi urteak berarentzat gogorrak izan direla aitortu du eta Gernika-Lumon desberdina dela adierazi du: “Hemen dena oso familiartekoa da. Denek zu ondo egotea nahi dutela sentitzen duzu beti, eta hori niretzat oso garrantzitsua da”.
Gernika-Lumoko saskibaloian hain esanguratsua den marea granatea beraien jokura eta taldera ahalik eta gehien zaletzea dute helburu jokalariek. Lucas Fernandezekin bat egin dute gainera, denboraldiarekiko aurreikuspen eta helburuekiko: Fokua egunerokotasuneko lanean jartzea eta egunez egun hobetzen joatea azpimarratu dute guztiek gaur goizean. Etxarrik gainera, gaztetasuna helburu horrek lortzearen aldeko izango dutela adierazi du: “Taldearen psikologia oso garrantzitsua da. Talde baten parte sentitzean dena aldatzen da, eta dena doa hoberantz. Uste dut gaztetasun horrek asko lagunduko digula”. Ilusioa da hitza. Termino hori behin eta berriz errepikatu dute taldekide guztiek.
Marta Alberdi: “Lugok ere talde gazte eta intentsoa du. Korrika egitea gustatzen zaie. Lehenengo partida da, eta guk liga ondo hasi nahi dugu”.
7 lagunartekotik 6 irabazi ostean, Endesa ligari hasiera emango diote zapatu honetan, 18:30ean Malosten. Duran Maquinaria Ensino Lugo izango dute aurkari. Igaz bederatzigarren postuan bukatu zuten galiziarrak denboraldia, Lointek Gernika Bizkaiari postu bateko aldea ateraz. Alberdik beraien antzeko taldea dutela adierazi du: “Lugok ere talde gazte eta intentsoa du. Korrika egitea gustatzen zaie. Lehenengo partida da, eta guk liga ondo hasi nahi dugu”. Ligako talde guztien lehiakortasuna nabarmendu du Etxarrik, baina talde formakuntzan zuzenduz eta egunez egun hobetuz, “gai” ikusten du taldea.
Ane Olaeta: “Bi urte igaro ditut han, eta oso ondo hartu ninduten hasieratik”.
Olaeta, bere talde ohiaren aurka lehiatuko da zapatu honetan, eta beretzat “partida berezia” izango dela aitortu du: “Bi urte igaro ditut han, eta oso ondo hartu ninduten hasieratik. Lagun asko ere egin nituen, eta horietako askok aurten ere jarraitzen dute”. Bere lagunen aurka jokatzeko gogoz agertu da, eta gainera Maloste berriz ere beteta ikusteko gogotsu dago, beste edozein taldekide bezala.