Areto beteko zikloa izan da MusikEan, beste behin
Beste urte batez, musika klasikoaz gozatzen badakitela erakutsi zuten eatarrek MusikEan zikloan; izan ere, Eskolondoko frontoi egokitua egunez egun bete zuten. Agustin Bergara koordinatzailea "pozik" agertu da zikloak izan duen erantzunagaz.
Biolinek, biolek, biolontxeloek, zeharkako txirulek, kontrabaxuek… eta beste hainbat instrumentuk osatzen dute orkestra handi bat. Hala ere, formatu txikiagoan, musikari gutxiagoko orkestretan, zortzikoteetan edo duetoan soinu eder bezain askotarikoak sor eta transmititu daitezkeela erakutsi dute aurtengo MusikEan musika zikloko emanaldiek.
Eak MusikEan zikloa hartu du laugarrenez, eta musika klasikoa ardatz izan duten lau emanaldiz gozatu dute herritarrek eguenetik domekara bitartean. Musika klasikoaren formatu, dinamika eta proiektu desberdinak erakutsi dituzte horrela. Eta, beste urte batez, musika klasikoaz gozatzen badakitela erakutsi zuten eatarrek, Eskolondoko frontoi egokitua egunez egun bete baitzuten. Agustin Bergara koordinatzailea “pozik” agertu da zikloak izan duen erantzunagaz: “Azpimarratu behar da egun guztietan bete dela aretoa, aulki gehigarriak ere jarri behar izan genituela”. Maila “oso oneko” musikariak bertaratzen dira ziklora, eta jendea txundituta geratzen da interprete handi horiek Ean entzuteaz. “Zikloak utzi duenaz oso pozik gaude”.
Musika klasikoaren aniztasuna islatu du oraingoan ere MusikEanek, eskaintza zabala eta askotarikoa eskainiz.
Lehenengo egunean, gaztetxoenak izan ziren protagonistak, eurak izan zirelako oholtza gainean egon zirenak. Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasle eta irakasleak bertaratu ziren Eara, eta ikusle gazte asko ere bertaratu ziren emanaldira. Bergarak dio kontzertu “oso polita” izan zela, “beste egunetan ez bezalako eskaintza”. Desberdina izan zen: “Ikusle gazteak ere lehen lerroan jarri genituen, eta adi-adi jarraitu zuten emanaldia”.
SOMEkoen hurrengo egunean, Amets Proiektua taularatu zuten Aitzol Iturriagagoitia Musikeneko irakasle eta David Apellaniz bere lagun eta Murtziako Goi Mailako Kontserbatorioko katedradunak euren ikasleekin batera. Hala, zortzikote batek osatutako harizko orkestrak eskaini zuen emanaldia, lau biolinek, bi biolak eta bi biolontxelok osatutako taldeak, alegia. Musikeneko ikasleak euren erosotasun eremutik atera eta kontzertuak eskaintzea da proiektuaren asmoetako bat, musikaren artea gizarteari hurbiltzeko. Hala, Bergarak jakinarazi duenez, barikukoa izan zen Musikenetik kanpo zortzikote horrek eskaini zuen lehen kontzertua: “Estreinaldia izan zen, eta oso pozik gaude. Primeran atera zen, eta ikasleen maila izugarria dela erakutsi ziguten”. Zikloaren koordinatzaileak nabarmendu du entzuteko atsegina baina interpretatzeko “zaila” den Felix Mendelssohnen Octeto Mi bemol Mayor Op 20 kontzertua eskaini zutela: “Oso ondo geratu zen eta jendeari asko gustatu zitzaion”.
Hala, baina, Iturriagagoitiak eta Apellanizek zapatuan eskaini zuten kontzertua azpimarratu du, maila “izugarri handiko emanaldia” izan zela nabarmenduz. “Nazioarte mailako bi musikari bikain dira, eta jendea txundituta geratu zen”, gehitu du Bergarak, publikoaren portaerari ere aipamena eginez. Izan ere, ikus-entzuleek errespetuz, lasaitasunez eta arreta handiz jarraitu zuten emanaldia: “Inor ez zen eserlekutik mugitu, nahiz eta XX. mendeko lanak eskaini zituzten. Horiek ez dira entzuteko errazak, eta jendea bi instrumentu jotzaileei begira egon zen une oro. Biak dira oso onak, eta jendeari asko gustatu zitzaion”.
Azken egunean, berriz, Bilboko Iubilo Abesbatza bertaratu zen herrira, eta kontzertu bikaina eskaini zutela dio Bergarak, abesbatzean eatarrek parte hartzen dutela jakinaraziz.
Ondorioz, zikloaren balorazio “ona” egin du, dena “oso ondo” joan delako. “Arrakastatsua” izan da. “Herri osoak parte hartzen du, eta bitxia da, ze uda igarotzera etortzen den jendea joanda dago garai honetan, eta, hala ere, jendez bete zen aretoa; egunero, gainera”.
Urtetik urtera harrera bikaina izaten du zikloak, egonkortuta dagoen jaialdia dela esateraino. “Horrela jarraitzea espero dugu, baita herriaren mugak apur bat zabaltzea ere, kanpoko jende gehiago bertaratu dadin. Hala ere, esan beharra dago oraingo honetan ere bertaratu direla Mungiatik, Bilbotik edota beste herri batzuetatik”. Zikloa horrela ikusteak “indarra” ematen dio koordinatzaileari, eta hurrengo urteetan ere koordinazio lan horrekin jarraitzeko hauspoa ematen dio.
Horiek horrela, Eako Udalak ematen duen laguntza ere eskertu du Bergarak, hori barik ezingo zutelako musika zikloa prestatu: “Laguntza ekonomikoaz gain, beste mota bateko laguntza ere eskaintzen dute: udal langileek dena muntatzen laguntzen digute, esaterako. Izan ere, frontoian gortinak jartzen laguntzen digute, erreberberazioa gutxitzeko oso ondo datozenak”. Aurten, gainera, udalak eszenatokia erosi du, lehen eszenatokirik ez zegoelako, eta ikusleen maila berean zeudelako musikariak. Eszenatokiak asko lagundu diela gehitu du: “Lehen, jotzen zutenak entzuten zutenen maila berean zeuden, eta orain, 60 zentimetro altuago. Eszenatokia lurzorutik altxatzeak musikariak leku guztietatik ondo ikustea ekarri du, eta oso polita izan da”.