Nestor Basterretxearen ondarea ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte
Nestor Basterretxeak Bermeon egindako "lan adierazgarrienak" zeharkatuko dituzte urrian eta azaroan, turismo bulegoak antolatutako bisita gidatuetan. Aurretik izena eman beharko da.
Urtean zehar Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurreana gogoratzeko askotariko ekitaldi eta omenaldiak hartu ditu Bermeok. Oraingo honetan, efemeridea ospatu eta artista bermeotarrak bere jaioterrian utzitako “obra zabalari balioa emateko” asmoz, Bermeoko Udaleko Turismo Bulegoak bisita gidatuak antolatu ditu.
Bermeo da Basterretxearen “obra publiko gehien” dituen udalerria, kale eta plaza ugari artistaren “aire libreko galeria” bihurtuz. Horregatik, turismo bulegoak artista bermeotarra omentzeagaz batera, “Bermeo beste modu batera ezagutzeko aukera” eskaini die bai artearen zaleei, bai udalerriko historia kulturalean sakondu nahi dutenei. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte hartzen dutenentzat “esperientzia ahaztezina” izango da. Bisita gidatuak urrian eta azaroan egingo dituzte, eta euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko dira.
Ibilbide horietan, Basterretxeak Bermeon egindako “lan adierazgarrienak” zeharkatuko direla azaldu dute, hala nola, Lameran kokatutako Euskal Kosmogonia edo “euskal paisaiaren interpretazioa eta borrokarako espiritua” islatzen duten eskultura-piezak”. Bisitetan “lanen azalpen zehatza” emango dute, obra bakoitzaren testuinguru historikoa eta esanahia azalduta: “Basterretxearen estilo berezia eta haren kultur ondarea hobeto ezagutzeko balioko dute”.
Bisita gidatuetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako , dutenek Bermeoko Turismora bertaratu edo 94-617 91 54 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Bisita gidatuak.
- Urria.
- Euskaraz: urriaren 3, 17 eta 28an, 16:ooetan.
- Gaztelaniaz: urriaren 10 eta 21ean, 16:00etan.
- Azaroa.
- Euskaraz: azaroaren 5 eta 19an, 11:00etan.
- Gaztelaniaz: azaroaren 12 eta 26an, 11:00etan.