Euleuk jaia, elkar ezagutzeko hitzordua
Euleuk jaian elkartu ziren herritarrak zapatuan. Aurkezpenek, hitzaldiek, azokak, talde bazkariak eta senegaldar borrakaren erakusketak bete zuten Astra, eta Senegalgoek eta bertokoek euren arteko harremanak estutu zituzten.
Senegaldarren, Senegalen egondakoen eta herrialdearekiko zein Euleuk proiektuarekiko begirune eta interesa dutenen topaleku bihurtu zen zapatuan (irailak 28) Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean ospatu zuten Euleuk jaia. Jendetza bertaratu zen bai hitzaldietara, bai bazkarira, bai arratsaldeko ekitaldietara, eta antolatzaileak “pozik” agertu ziren jaiak izandako harreragaz.
Helburu zehatz bat baino gehiagogaz prestatu zuten eguna; alde batetik, elkartearen zein euren proiektuen berri ematea, bestetik, inguruan bizi diren senegaldarrei elkartzeko eta euren kultura ezagutarazteko aukera eskaintzea, edota elkarteagaz boluntario modura azken urteetan Senegalera joandakoen bizipenak trukatzea eta elkar batzea ere bai.
Jaian lortutako irabaziak elkarteak Senegalen dituen proiektuetara bideratuko dituztela jakinarazi zuten elkartasun festan, eta, momentu honetan Warang herriko (Mbour, Senegal) herritarrengan eragin positibo eta iraunkorra sortzeko Ecolodge Euleuk eraikuntza proiektua azpimarratu zuten.
Komunitate behartsuen garapen jasangarriarekin eta ongizateagaz konprometitutako elkartea da Euleuk eta, ondorioz, ingurumenarekin harmonian eraikitako Ecolodgea egin gura duteWarang herrian, bidaiarientzako zein boluntarioentzako ostatu gune modura erabili ahalko dena, baina baita tokiko komunitatearentzako prestakuntza zentro modura ere.
Hala, Ecolodgearen sorrerak komunitate horretan eragin positiboa izango duela azaldu zuten: lanpostu duinak eta kalitatezkoak sortzea, zuzenekoak zein zeharkakoak, migrazioa geldiarazten laguntzea eta lan baldintza hobeak sustatzea. Izan ere, kalkuluen arabera, ecolodgeak 5-10 pertsona artean enplegatuko ditu, eta horietako batzuek familiarekin Ecolodge eremuan bertan bizitzeko aukera izango dute. Horrez gain, Ecolodgeak komunitatean pentsatutako espazio bat ere izango du, bai bertokoentzako lanbide heziketarako ikastaroak emateko, bai komunitatearen bileretarako, bai langileen seme-alabentzako.
Bidaiarien eta boluntarioen ostatuaren onura ekonomikoak Euleuken beste proiektuak finantzatzeko erabiliko dituztela gaineratu zuten Astrako aurkezpenean. Ondorioz, proiektu horren garrantzia azpimarratu zuten, Euleukek jasotzen dituen laguntza ekonomikoak horretara bideratuko dituztela esanez. Izan ere, tokiko pertsonentzako enpleguak sortuko lituzke, hala nola, eraikitzaileentzako beharra, guardiako langileentzako, sukalarientzako, garbitzaileentzako eta hezitzaileentzako lana. Azken horiek, uste dute, tokiko komunitateari ahalduntzeko aukera emango diotela, izan ere, euren bizitzak hobetzeko eta Senegalen garapen jasangarrian laguntzeko beharrezkoak diren trebakuntzak eta ezagutzak jasotzeko aukera izango dute.
Egitasmo horrekin bertakoen bizitzak alda daitezkeela sinistuta, crowdfunding kanpaina bat dute martxan, gune jasangarri hori gauzatzeko helburuagaz. Hala, 22.000 euro biltzeko erronka ezarri dute, eta laguntza hori diru ekarpenak eginez eman daiteke, Kukumiku Euleuk plataforman.
Turismo jasangarria.
Ecolodgearen berri emateaz gain, martxan duten bidaiatzeko modu jasangarriaz ere aritu ziren zapatuan Euleukeko kideak. “Gure proiektu handienetako bat da Ecolodgea, baina baita bertokoak Senegalera joatea ere. Ze eurek asko ikas dezakete gutaz, baina guk ere asko dugu euretaz ikasteko”, esan zuten, eta horretarako martxan duten bidaien ereduaz aritu ziren berbetan.
Izan ere, boluntariotza behar denean bakarrik egiten dute, eta, bestela, bidaiatzeko modu jasangarriak sustatzen dituzte: “Momentu honetan ez daukagu beharrik, beraz, boluntariotza geldi dago. Hala, baina, proiektuak ikusteko eta herrialdearen iparraldea zein hegoaldea ezagutzeko bidaiak antolatzen ditugu, hiru eta 11 pertsona artekoak. Hilero data finkoak dira, baina beste egun batzutean ere antolatu dezakegu”.
Bidaia jasangarriak dira, ze bidaia horien %5a Euleuk elkartearentzat da, eta diru horrekin proiektuen gauzatzea bermatzen dute. “Dirua enpresari, komertzioei, udalari, edota eragileri eskatzen diegu, baina beti ez daukagu erantzun positiboa, denori ezin digutelako ekonomikoki lagundu. Hala, momentu batzuetan ezin dugu proiektuekin aurrera jarraitu, horiekin segitzeko dirua behar delako. Hala, bazkideen laguntzagaz jarraitzen dugu aurrera, baina bidaien %5 jasotzeak ere gehigarri bat eskaintzen digu”, azaldu zuten.
Horrez gain, bidaiariei Euleukekoa ez den baina eurekin kolaboratzen duten umezurztegian lan egiteko aukera eskaintzen diete, bost egunez. “3 urtera bitartekoak daude bertan, eta oso gogorra da esperientzia, baina bidaiariei aukera ematen diegu zortzi egunez bidaiatzeaz gain, beste bost egunetan hara joateko, umeen beharrei zein langileen beharrei erantzuteko; langile gutxi daude, eta laguntza behar izaten dute”, gehitu zuten.
Senegal “merkea” dela uste dutenen pentsaera ere ezeztatu zuten hitzaldian, herrialde garestia dela esanez: “Askotan pentsatzen dugu Afrikan dena dela merkea, baina Senegal herrialde garestia da, eta hortik datorkigu, baita ere, Ecolodgaren ideia. Izan ere bertako askok ere ezin izaten dute herrialdean zehar bidaiatu, garestia delako”.
Proiektuagaz aurrera jarraitzen laguntzeko modurik onena ekonomikoki laguntzea dela azpimarratu zuten, hori delako gehien behar dutena: “Arropak bidaltzea garestia da, eta han batzuei bakarrik banatzea ere bai. Gure helburu handia da arropak bertan erosi ahal izatea, tokiko ekonomia ere bultzatuko lukeelako horrek. Egia da noizean behin bidaltzen dugula laguntza, baina momentu jakinetan bakarrik: han eros ezin daitezkeen gauzak behar dituztenean edota hemen doakoak edo merkeak diren gauzak han oso garestiak direnean”. Laguntza ekonomikoagaz tokiko kultura eta herriaren ekonomia ere sustatzen dira, beraz.