Jolas bidez Garapen Jasangarrirako Helburuak ezagutzeko hitzordua
5 eta 11 urte bitarteko umeei zuzendutako "sorkuntza, birziklapen, musika eta jolas tailerrak" egongo dira Bermeo eta Muxikan, etzi [irailak 29], BBK Kunaren barruan.
BBK Kunak Garapen Jasangarrirako Helburuak eta 2030 Agendaren erronkak umeengana hurbiltzeko helburuagaz sortutako Haurkuna jarduerak Busturialdean izango du hurrengo geralekua, etzi [irailak 29]. Bermeotarrek 11:30etan dute hitzordua Taraskan; muxikarrak berriz, Zubieta Errota udal liburutegian elkartuko dira.
Herriz Herri 2024 programaren berrikuntzetako bat da Haurkuna, “jolas eta jarduera sortzaileak” erabiltzen dituen eta 5 eta 11 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoen tailerrak. BBKk eta Bizkaiko 52 udalek bultzatutako ekimena da, “gizarte eragin positiboa” duten ekintzak sustatzea bilatzen duena.
“Gizarte gisa etorkizunean aurrean izango ditugun erronkei buruz sentsibilizatzeko” sorkuntza, birziklapen, musika eta jolas tailerrak izango dituzte aukeran Busturia edo Muxikara gerturatzen direnek. “Dinamika sortzaile eta kooperatiboen bidez, garapen jasangarriarekin eta 2030 Agendarekin lotutako balioak landuko dira”, azaldu dute antolatzaileek. Umeek, besteak beste energia eskuragarria eta ez kutsatzailea, ekoizpen eta kontsumo arduratsua, itsaspeko bizitza eta lehorreko ekosistemaren bizitza izango dituzte mintzagai.