Badator Nekazari eta Eskulangileen azoka
Domekan [irailak 29] izango da azoka, Galtzadako aparkalekuan, eta goiza girotzeko dantzak eta herri kirola uztartzen dituen egitaraua prestatu dute.
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako Nekazari eta Eskulangileen azoka hartuko du Galtzadako aparkalekuak domeka honetan. Batik bat, eskulangintzako produktuen erakusketa eta salmenta nagusituko dira, bereziki inguruko ekoizleei garrantzia emanez. Udal ordezkariek gogoratu bezala, duela bost bat urte berreskuratu zuten «antzina egiten zen eta urte askotan zehar galduta egon zen azoka». Hala, goizetik hasi eta eguerdira arteko egitaraua prestatu du Muxikako Udalak domekarako, eguna eta azoka girotzeko helburupean.
Goizean goiz izango dituzte saltzaileek beraien postuak prest. 45 salmahai izatea aurreikusi dute eta, nabarmendu dutenez, «iazko kopuruaren antzekoa» da aurtengoa. Era berean, iazko arrakasta ikusita, aurten ere taloak egongo direla gogoratu dute.
Dantzak eta herri kirolak. Halaber, aurten ere dantza eta herri kirol saioak prestatu dituzte, azoka eremua girotzeko: Basotxoritxu Dantza Taldearen emanaldiarekin hasiko dute eguna, eta 12:30ean, berriz, «punta puntako kirolarien» erakustaldia eskainiko dute. Saio horretan, aizkorak, harriak eta Iparraldeko jokoek izango dute tokia gehienbat. Aizkolaritza erakustaldian, Ugaitz Mugertza (2024 Duatloi Txapelduna) eta Iker Vicente (Euskal Herriko Txapelduna) arituko dira. Harri-jasotzean, berriz, Udane Ostolaza, Olaia Esnaola eta Urdax Magunazelaia (Euskal Herriko harri handien txapelduna). Iparraldeko jokoetan, Jon Lapazaran izango da, lasto altxaketan eta jaurtiketan. Gainera, umeen jolasak ere egingo dituzte, Zubieta Errotan.
Antolakuntzatik etzi azokara hurbiltzeko deia zabaldu diete bertako zein inguruko bizilagunei, «gozamena ziurtatuta» egongo baita, goiz eta eguerdi partean. Muxikara garraio publikoan hurbiltzea gomendatu dute: «Tren zein autobus zerbitzuak daude Muxikara heltzeko, eta, beraz, garraio publikoa erabiltzea aholkatzen dugu».