Hari-instrumentuak nabarmenduko dira MusikEan musika zikloan
Musika klasikoaren aniztasuna islatuko du MusikEAn zikloak, laugarren urtez. Eskaintza zabala eta askotarikoa izango da, denetariko musikari eta musika estilo jorratuko dituena.
Eak MusikEan musika klasikoko zikloa hartuko du laugarrenez etzi (irailak 26) hasi eta domekara (irailak 29) bitartean. Eskolondon musika klasikoa ardatz duten lau emanaldi egingo dituzte, musika klasikoaren formatu, dinamika eta proiektu ezberdinak erakutsiz. Sarrera doakoa izango da, eta ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, ohi legez.
Hala, beste urte batez, musika klasikoaz gozatzen badakitela erakutsiko dute Ean, Eskolondoko frontoi egokitua bete baitute herritarrek urtez urteko kontzertuetan. Agustin Bergararen koordinazioagaz antolatu dute MusikEan Eako Udalak eta HEA Kultur Taldeak, beste urte batez.
Euskal Herriko musika eta kantu tradizioa zein munduko obra klasiko eta berritzaileak eskainiko dituzte Eara hurbiltzen diren goi mailako musikari eta kantariek, izan ere, zikloaren helburuak bere horretan jarraitzen du: musika eatarrei hurbiltzea. Horretarako, gainera, aniztasuna ematen saiatzen dira, urtero gauza erabat desberdinak eginez, hainbat musikari, musika talde eta musika proiektu ezagutzen joateko asmoz, Bergarak azaldutakoaren arabera.
Aurten, batez ere, hari-instrumentuak entzungo dira kontzertu zikloan, biolinaren presentzia nabarmenduz. Izan ere, orkestra desberdinak bertaratuko dira, Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasle eta irakasleak eta Amets Proiektukoak, besteren artean.
Hain zuzen ere, Amets proiektua nabarmendu du Bergarak, Aitzol Iturriagagoitia biolin irakasle eta pedagogoaren “behar artistiko eta pedagogikotik” sortu den proiektua dela nabarmenduz. Izan ere, proiektuaren helburua da musikaren artea gizarteari hurbiltzea, eta, batez ere, herritarrei erakustea Musikeneko (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia) hari-instrumentuko ikasleek lortzen duten “maila aparta”. Izan ere, bera da Musikeneko irakasleetako bat. “Amets Proiektuaren oinarria, nagusiki, Musikeneren ingurune hurbilean hainbat estilo eta generotako kontzertuak eskaintzea da”.
Proiektuaren baitan, kolaborazioak egin ohi ditu, eta oraingoan, David Apellaniz nazioarteko ospe handiko artista eta Murtziako Goi Mailako Kontserbatorioko katedradunagaz egin du, baita haren ikasle bategaz ere. Hala, zortzikote batek osatutako harizko orkestrak eskainiko du kontzertua zapatuan, lau biolinek, bi biolak eta bi biolontxelok osatzen dutenak, tartean bi irakasleek.
Eta, hurrengo egunean, bi irakasleek, eurek bakarrik, “maila goreneko” kontzertua eskainiko dute. “Nazioarteko maila dute biek ala biek. Iturriagagoitia, esaterako, biolin irakasle izan zen Leipzigeko HfMT Felix Mendelssohn Bartholdy Goi mailako musika eskolan, eta egun klase magistralak ematen ditu Hego Amerikan, Asian eta Espainian. Apellaniz ere, maila izugarria duen biolontxelo-jotzailea da, hainbat eta hainbat orkestragaz bakarlari modura kontzertuak ematen aritzen dena”, azpimarratu du Bergarak.
Horiez gain, lehenengo egunean, harizko orkestrek bisitatuko dute Ea, izan ere, Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolakoak bertaratuko dira Eskolondora. Azken urteetan, orkestra txikiak, ganbarako musika taldeak eta orkestra nagusiak kontzertuak eskaini dituzte Busturialdeko herrietan, eta oraingoan, aukera aprobetxatuko dute Eara ailegatzeko. “SOMEko emanaldiak irakasle eta ikasleak batuko ditu, eta oso interesgarria izango da, gazteen interesekoa”, gehitu du Bergarak.
Azken egunean, berriz, Bilboko Iubilo abesbatza bertaratuko da. Bergarak azaldutakoaren arabera, unibertsitateko antzinako abesbatza da Iubilo, unibertsitatea amaitu ostean ere, koro modura funtzionatzen jarraitu duena. “Jende helduak osatzen du, eta soinu oso ona dauka”, gehitu du.
Denetariko musika.
Ikasle asko bertaratuko dira, beraz, aurten, eta horrek balioko du musikan lor daitekeen progresioa ikusteko, baita gauza ezberdinak aurkezteko ere. Izan ere, SOMEkoek musika tradizionala landuko dute, baina gaur egungoa ere bai. Tartean, gainera, zenbait soinu banda entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek, baita mago bat ikustekoa ere. Abesbatzakoek ere, musika klasikoa, tradizionala zein euskalduna landuko dutela gehitu du Bergarak. “Duoak, berriz, Zoltan Kodaly eta Maurice Ravelen sonatak eskainiko dituzte, eta Amets Proiektukoek obra bakarra joko dute, ordubete ingurukoa: Octeto Mi bemol Mayor Op.20), zehaztu du koordinatzaileak.
“Pozik” daude Eara bertaratuko diren musikariez, eta espero dute eatarren gustukoa izatea aurtengo zikloa. Ze, dagoeneko egonkortuta dagoen musika zikloa dela esan daiteke. “Publikoaren erantzuna bikaina izan da orain arte, urtero-urtero bete izan dugu Eskolondoko frontoia, eta aurtengorako ere gauza bera espero dugu”, dio Bergarak. Nabarmendu du aurtengoa MusikEanen laugarren aldia dela, baina lehenago ere musika klasikoa presente egoten zela herrian: “Aurretik, nik neuk ekarri izan ditut Bilboko kontserbatorioko orkestrako ikasleak emanaldiak eskaintzera. Kontzertu horiek udaletxean egiten genituen, neguan, eta horiek ere arrakastatsuak izaten ziren. Hala ere, horiek ez ziren ziklo baten parte, inprobisatu egiten genituen”. Herriak musikarekiko zeukan interes horrek jarraitu egiten du egun ere, eta hala izatea espero dute.
Bergarak, gainera, udalak MusikEan egiteko emandako laguntza eskertu du, “ahalegina” egiten duelako: “Gure eskura jartzen ditu ekitaldia egin ahal izateko baliabide guztiak”. Hala, aurten agertoki desmuntagarri bat erosi dutela nabarmendu du. “Dituen ezaugarrengatik euskarri ona da, kilo askoko pisua eusteko gai dena. Hala, ikusleei kontzertua hobeto ikusteko aukera eskainiko die, gehiago gozatzekoa”, dio. Horrez gain, Eamun Landa margolari eatarrak egindako kartela ere eskertu du, “beti kolaboratu izan duelako eurekin, edozein jarduera antolatu dutenean, baita orain ere”.
EGITARAUA:
- Irailak 26 (eguena): Segundo Olaeta Musika Eskola.
- Irailak 27 (barikua): Amets Proiektua.
- Irailak 28 (zapatua): Aitzol Iturriagagoitia (biolina) eta David Apellaniz (biolontxeloa).
- Irailak 29 (domeka): Iubilo Bilbao Abesbatza.