Gernika-Lumo janzteko desfilea antolatu dute, bigarrenez
Gernikako Merkatari Elkartuak-ek moda desfilea antolatu du bigarrenez, eta tokiko merkatarien produktuak kalean ikusteko aukera izango dute herritarrek, barikuan [irailak 27]. Picasso kalean jarri dute hitzordua, 19:00etan.
Iazko arrakastaren ondoren, aire zabaleko desfilea antolatu du Gernikako Merkatari Elkartuak (GME), bigarrenez. Ekitaldia Gernika-Lumoko “bizitasun eta espiritu berritzailearen erakusleiho” legez aurkeztu dute, merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza eskaintza zabala nabarmenduko dituela azpimarratuta. Desfilea Erialekuan, herriko erdigunean ospatuko da, barikuan [irailak 27], Gernika Modan dago lelopean.
Noelia Serna GMEko presidenteak adierazi duenez, iazko arrakastak “errepikatzeko kemena” eman die: “Gernikako Merkatari Elkartuak osatzen dugunok, dendak, ostalariak eta zerbitzu enpresak, badakigu eskaintzen dugunaren lan ona eta kalitatea. Horregaitik da garrantzitsua ikustaraztea eta harro erakustea”. Desfilea herritarrak udalerriko komertzioetara hurbiltzeko “pizgarri ezinhobea” dela azaldu du. “Espero dugu geure denda eta zerbitzuen salmentak piztea datozen hilabeteetan”, nabarmendu du Sernak.
Aurten herriko 30 denda baino gehiagok parte hartuko dute, eta desfilera bertaratzen direnek askotariko produktuak ikusteko aukera izango dute: “Modari dagokiona jantzita eramango dute, baina bestelako produktuak ere egongo dira: pastelak, txakurren erropak…Txakurren bat ere egongo da”. DJ Bonsiren musika-proposamenak ere entzuteko aukera egongo dela iragarri dute.
Ross Dantza Taldeak protagonismo berezia izango du, dantza emanaldiagaz hasiko baitute desfilea, 19:00etan. Aurkezpen eta pase guztiak muntantatzeaz ere arduratuko dira, “muntaia eta formazio originalekin”. Zehaztu dutenez, mugimendu artistikoek udalerriko modari “ikusgarritasuna” emoten lagunduko dute. Horrez gain, pasabidera igoko diren “120-150 modeloak” ere dantza eskolaren eskutik etorriko dira. Modelo ez profesionalak direla nabarmendu nahi izan du Rosa Rementeriak: “Herriko eta eskualdeko jendea da, Ross Dantza Eskolako ikasleak, Gernikako merkataritza sustatzeko ekimen honegaz bat egin dabenak”. Azaldu dutenez, modeloak bertakoak izatea desfilearen “indarguneetako bat” da, ikusleak Gernikako moda jantziko duten modeloekin “identifikatuta” sentitutako direlako.
Pantaila erraldoiak.
Desfilearen bigarren aldia berrikuntzekin dator. Desfilea 19:00etan hasiko bada ere, aurten “aldez aurreko saio bat” ere egingo dutela azaldu du. Izan ere, 16:00etatik 18:45era bitartean ile-apaindegiak eta makilatzaileak izango dira pasabidearen gainean egongo direnak, modeloei azken ukituak ematen.
Pasabide hori Pablo Piccaso kaleko oinezkoentzako gunean jarriko da, kale horretako tabernek bi aldeetan dituzten terrazen espazioak errespetatuta. Antolatzaileek zehaztu dutenez, biraketa-gunea eta performancetarako gunea Erialekuko “erdiko eskaileren parean” jarriko dute. Hala ere, herritarrek ikuskizuna une oro jarraitu ahal izateko “bi pantaila erraldoi” egongo direla aurreratu dute.
Aire zabaleko desfilea izango denez, euriak baldintzatu dezakeenaren jakitun dira antolatzaileak, Horregatik, euria baldin bada desfilea datorren barikura (urriak 4) atzeratzeko aukera dagoela adierazi dute. Hala ere, edozein aldaketa balego GMEen sare sozialen eta komunikabideen bidez abisatuko luketela jakinarazi dute.