Garaipenak ihes, baina "bide onetik"
Olatz Arrizabalaga aurrelari gernika-lumotarrak, Arrate Bergaragaz bikotea osatuta, ezin izan du garaipena lortu Udako Txapelketaren finalean [irailak 22]. 12 eta 22 galdu dute Maddalen Etxegarairen eta Enara Gaminderen kontra.
Maddalen Etxegarai oñatiarra eta Enara Gaminde laukiztarra udako esku pilotaren erreginak dira. Domekan [irailak 22] garaipen aparta poltsikoratu zuten Donostian, 1.008 ikuslek beteriko Atano III.a pilotalekuan, Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarraren eta Arrate Bergara tuterarraren aurka. Etxegaraik eta Gamindek 12 eta 22ko markagailu sendoagaz gailenduta jantzi ahal izan zituzten Udako Txapelketako irabazleen txapelak.
Gamindek, bere pilotakada indartsuekin, Arrizabalaga partidutik ateratzea lortu zuen. Bikotekako Txapelketaren irabazle Arrizabalagak ezer gutxi egin ahal izan zuen, gogor saiatuta ere. Etxegarai eta Gaminde partidu guztiak irabazita eta hautagai sentitzen denak duen segurtasunagaz iritsi ziren finalera, eta arrakalarik gabeko plana ondu zuten. Norgehiagokaren lehen notatik, abesti berberaren doinua entzun ahal izan zuten bertaratu zirenek: Etxegaraik eta Gamindek partidua hasieratik beraien intereserako egoeretara eroan gura izan zuten, baita lortu ere. Hamar tanto egin zituzten ia jarraian, markagailuan 3 eta 10ekoa lortu arte. Eraginkortasun handiz eraiki zituzten etxearen oinarriak. Bergararen saiakerak gorabehera, aurkariek lanak eduki zituzten gerora irabazle suertatuko zirenei aurpegia erakusteko.
Hain zuzen ere, bikote gorriaren atzelariaren ekinak eta, batez ere, material aldaketak fruitua eman zuten: Arrizabalagak eta Bergarak beren tokia topatu zuten kantxan, eta beraien jokoak egonkortzera egin zuen. Tantoen joan-etorriak, gainera, goranzko joera hori bistaratu zuen: 8 eta 10eko markagailuraino hurreratu ziren. Arrizabalagak jokaldiak biribiltzeko duen gaitasunak zeresan handia eduki zuen aldaratze saiakera hartan.
Edozelan ere, Etxegaraik eta Gamindek asmatu zuten alde hura kudeatzen, bereziki, akats oso gutxi egin baitzituzten partidu osoan: bien artean, lau besterik ez. Laukiztarra atzean nagusi azaldu zen, baina azpimarratu beharra dago Etxegaraik egindako final distiratsua. Txantxikuarra udako txapelketaren hasieratik amaierara arte modu oso erregularrean aritu da, segurtasun eta fidagarritasun itzelak islatuz. Finalean, pilota nahieran atzeratu zuen; tokatzen zitzaionean, solidaritatea erakutsi zuen defentsa beharretan; tantoak amaitzerako orduan, berriz, ederto aritu zen.
Olatz Arrizabalaga: “Perfekzionismoa eskatzen zuen finala izan da aurtengoa, eta gu ez gara guztiz perfektu aritu”
Garaipena lortu ezin arren, final “borrokatua eta lehiatua” jokatu zutela adierazi du Arrizabalagak. Aurkariak faborito ziren jakitun, finalaren ardura “albokoen kolkoan” zegoen: “Finalera partidu denak irabazita sailkatuta, irabazteko presioa zuten”. Arerioak pilotakadak atzealdeko koadroetara kargatzen saiatu ziren, gernika-lumotarra jokotik ateratzeko. Alde horretatik, material aldaketa “gako” izan zen: “Jokaldiak amaitzea ahalbidetu ziren pilota aldaketak, dinamika aldetik eurak gehiago baitziren; markagailuan tanto biko aldera hurreratu ginen material aldaketagaz, baina ez zen nahikoa izan. Perfekzionismoa eskatzen zuen finala izan da aurtengoa, eta gu ez gara guztiz perfektu aritu”.