Betanzosen eta Lekerikabeaskoaren neurrira egindako txapelketa
Koldo Betanzos eta Urko Lekerikabeaskoa gailendu dira Busturialdeko Inertzia Koparen azken sailkapenean. Azkenengo proba ere, Mendatako Goitibehera Lasterketa, nagusitasun osoz irabazi dute.
Iragan zapatuan [irailak 21], Busturialde Inertzia Koparen azkenengo proba lehiatu zuten: Mendatako Goitibehera Lasterketa. 2,8 kilometroko bidea eduki zuten azken proban, Lamikiz auzorako jaitsieragaz eta azken orduko protagonista bategaz: ekaitza. Izan ere, ibilbidea ikuskatzeko jaitsieraren osteko lehen jaitsiera ofizialean, zeruak eta lurrak bat egin, eta proba eten egin behar izan zuten. Egoera aztertu eta aukera guztiak ikertu ondoren, bigarren jaitsiera, hau da, lehen jaitsiera lehiakorra bertan behera utzi zuten, eta lasterketa hirugarren eta azken jaitsierara mugatu zen. Kale edo bale egin beharreko azken jaitsiera hark agintari bikote argi eta garbia eduki zuen: lehia osoan ukiezin aritu diren Koldo Betanzosek eta Urko Lekerikabeaskoak osatutakoa.
Betanzos eta Lekerika, hain zuzen, txapelketaren proba denetan nagusitu dira; Mendatan, proba amaitzeagaz aski zuten, azken sailkapena eroateko. Dena dela, arriskatzea eta azken hitzordua lehiatzea ere erabaki zuten, baita nagusitasunez gailendu ere. Lehen postuaz harago, podiuma zabal-zabalik zegoela lehiatu zuten Mendatako lasterketa, eta emozio handia egon zen bigarren nahiz hirugarren postuak zehazterakoan. Danel Arrietak eta Peru Ugaldek jaitsiera txukuna egin zuten. Alain Acillonak eta Kepa Urrestik, berriz, ibilbide erdialdean istripua eduki zuten, eta minutua inguruko tartez geldirik egon behar izan ziren. Bai lasterketak, bai podiumak ihes egin zien. Istripu hori probestu zuten Arrieta-Ugalde bikoteak eta Ioritz Zabalgogeaskoak eta Oier Madariagak osatutakoak. Hurrenez hurren, hirugarren eta bigarren amaitu zuten bikoteok.
Koparen antolatzaileek azaldu dutenez, Betanzosen eta Lekerikare agintea “egundokoa” izan da lehiaketa osoan zehar: “Denetariko jaitsieretan eta denetariko egoerekin, geldiezin aritu dira. Mendatan, lurzoru bustiagaz eta arrisku itzelagaz, 02.05eko denbora egitea lortu zuten; Gernika-Lumon, goitibeheragaz zenbait arazo edukita ere, maila handia eman zuten. Oro har, nagusitasun eta merezimendu osoz irabazi dute kopa”.
Balorazio “bikaina”.
Busturialdeko Inertzia Koparen lehen aldia “arrakastatsua” izan da, eta bigarrenak “egonkortzeko eta hobetzeko zantzuak” dakartza: “Parte hartzaileen eta ikusleen aldetik erantzun oso polita jaso dugu, baita antolakuntzan lagundu diguten udal eta batzordeen partetik ere. Jaitsiera ederrak, herrikoiak eta euren artean oso bestelakoak prestatu ditugu, eta lehendik egiten ziren zenbait (Gernika-Lumo eta Murueta) biziberritu. Hurrengo urtean hobetzen segitzeko prest gaude”.
Era berean, Busturialdeko txapelketa Euskal Koparako puntuagarria izan da. Lehiaketa horretan, Felix Delgado dago lidertzan, lau lasterketaren faltan, 564 puntugaz. Arrontegi, Mutriku, Durango eta Basauri dira falta diren probak. Mutrikuko lehiaketan, hain zuzen ere, Galbaixo eta herrigunea arteko tartea egin beharko dute parte hartzaileek; datorren zapatuan [irailak 28] izango da, 16:30etik aurrera.
I. BUSTURIALDE KOPAREN SAILKAPENA
- Koldo Betanzos – Urko Lekerikabeaskoa: 318 puntu.
- Ioritz Zabalgogeaskoa – Oier Madariaga: 245 puntu.
- Danel Arrieta – Peru Ugalde: 232 puntu.
- Alain Acillona – Kepa Urresti: 213 puntu.
- Ekhi Urrutxua – Eneko Rementeria: 210 puntu.
- Urtzi Torrontegi – Aimar Lopez de Larruzea: 154 puntu.
- Paul Bonilla – Oihan Etxeguren: 153 puntu.
- Jon Ibarguengoitia: 141 puntu.
- Mikel Zarakondegi – Iban Goiriena: 133 puntu.
- Aimar Goitia – Ibai Alba: 115 puntu.