Amari duintasuna publikoki itzultzeko beharraz berba egiten duen obra
'Emakume baten borroka' antzezlana taularatuko dute zapatuan, 19:00etan, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Amari duintasuna publikoki itzultzeko beharraz berba egiten duen obra da.
Seme baten eta haren amaren arteko elkarrizketaren inguruan mugitzen da Eneko Sagardoy, Eva Trancon eta Vito Rogado aktoreek forma ematen dioten Emakume baten borroka antzezlana; zapatuan 19:00etan eskainiko dute Lizeo Antzokian, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko. Édouard Louisen eleberriaren egokitzapen bikaina da antzezlana, amari duintasuna publikoki itzultzeko beharraz berba egiten duena.
Amaren eta semearen arteko harremana sendatzeari eta aitortzari buruzko obra da, hain zuzen ere. Izan ere, gizarteak, familiak eta semeak epaitu eta umiliatu zuten ama bati buruzko istorioa kontatzen du, zeinak 45 urtegaz matxinatu, ihes egin eta bere askatasuna eraikitzen duen. Ustekabean amaren gaztaroko autoerretratu bat aurkitu ondoren sortu zuen Louisek emakume horren irudia. “Gizarte patriarkalak, familiak eta semeak suntsitutako emakume baten metamorfosia kontatzen du antzerkiak”, jakinarazi dute antzerkiko egileek, semeagaz elkartzen dela adierazita. “Hark, publikoki, duintasuna itzuliko dio amari”.
Antzerkirako apustu honetan, erretratu fotografikotik harago joanda, Louisek (Sagardoik antzeztuta) agertokia partekatzera gonbidatuko du uneoro ama. Lekuko “isila” izango da: “Atsegin egiteko inolako asmorik ez eta zintzotasun autokritikora iristeko ausardia duen testu honetan barrena murgiltzen den amaren lehen plano bat da antzezlanak erakusten duena”.
Ikusleak hurbil eta bi aldetara dituen agertoki “estu eta txiki” batean, amaren eta semearen eta lekuko pribilegiatu diren ikusleen arteko elkarrizketa “konfesional eta konpontzaile ezinbesteko” bat gorpuzteko unea izango da zapatukoa.
EGILEA: Édouard Louise
ZUZENDARITZA: Fernando Bernués
ANTZEZLEAK: ENEKO SAGARDOY, EVA TRANCÓN, VITO ROGADO
EGOKITZAPENA: Harkaitz Cano