Talde berritua, baina ilusio eta gogo berberekin
Lointek Gernika Bizkaiak gaur [irailak 23] egin du 2024/2025 denboraldiko aurkezpena, Lointek babesle nagusiaren Urdulizko egoitzan. Bederatzi aurpegi berri ditu Lucas Fernandezen taldeak.
Lointek Gernika Bizkaia martxan dago. Gaur [irailak 23] egin dute 2024/2025 denboraldiko taldearen aurkezpena, Lointek babesle nagusiaren Urdulizko egoitzan. Talde berritua aurkeztu badute ere, bederatzi aurpegi berri daude, iazko taldeagaz alderatuta. Itziar Ariztimuñok, Marta Alberdik eta Maya Dodsonek jarraitzen dute, eta betiko “ilusioa eta gogoak” nabarmendu dituzte.
Gerardo Candina Gernika KESBeko zuzendariak Lointeken “laguntza eta konpromisioa” berretsi ditu, esanez “Lointek barik ez litzatekeela posible izango azken urteetan lortutako dena errepikatzea”. Alde horretatik, taldearen “gosea, esfortzua eta lana” ziurtzat eman ditu. Javier Loroño Lointek enpresako buruak, berriz, azken urteetan egindako ahalegina goraipatu du, eta batez ere izandako emaitzak: “Lointek Gernika talde erreferentea da emakumezkoen kirolan. Gainera, ligaren maila asko igo da azken urteetan, eta horrek exijentzia maila handitu du, eta hor egoteko, guztion laguntza beharrezkoa da”. Horregatik, taldeak eta enpresak elkarbanatzen dituzten “talentua, lehiakortasuna, anbizioa eta lana” funtzeskoak direla esan du.
Lucas Fernandez entrenatzaileak Lointek enpresak lehen taldeaz gain, harrobian duen presentzia nabarmendu du. “Loroñok esan bezala, haien balioak gure egiten ditugu, lan egiteko modu berezi bat dago herrian, eta erreferente izan nahi dugu. Hori da gure konpromisoa eta horretarako gure onena emango dugu egunero”.
“Gernika-Lumo eta Maloste toki garrantzitsuak direla ulertu dute jokalariek eta egunero hobetzeko lan egingo dugu”
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sustatzeko Foru Diputatuak emakumeen kirolean Lointek Gernika Bizkaiak daukan erreferentzialtasuna nabarmendu du: “Kirola funtsezkoa da, eta emakumezkoena are gehiago. Berdintasuna inon baino hobeto erakusten da kirolean, eta taldea horren ordezkari onena da Bizkaian”. Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak Euskal Herrian dagoen saskibaloi maila “izugarria” goraipatu du, batez ere, emakumezkoetan.
Lehiaketa, ate joka. Hain zuzen ere, talde gernikarrak Euskal Kopa jokatuko du eguenean [irailak 26] eta barikuan [irailak 27] Beasainen, Araski eta IDKren aurka, hurrenez hurren. Bi partidak 19:00etan hasiko dira, eta Twitch plataformatik emitituko dituzte, zuzenean ikusi nahi dituztenentzat. Sarrerek 5 euro balio dute, 16 urtetik gorakoentzat, eta hortik beherakoentzat sarrera doakoa izango da.
Fernandez entrenatzaileak adierazi du taldea “sasoiko” dagoela: “Gernika-Lumo eta Maloste toki garrantzitsuak direla ulertu dute jokalariek eta egunero hobetzeko lan egingo dugu, batez ere Marea Granatea gutaz harro sentitzeko”. Denboraldiaurrean orain arte jokatu dituzten bost partidetatik lau irabazi dituzte, tartean Landes eta Zaragoza Euroligako taldeen kontrakoak. Baina, zapatuan [irailak 21] luzapenean galdu zuten Donostian.
Lesioak izan dira denboraldiaurreko puntu beltz bakarra, Ane Olaeta, Alberdi eta Dodson min hartuta baitaude. Eskolta gernika-lumotarra “gogotsu” dago ostera ere kantxetara itzultzeko. “Talde oso polita daukagu; batez ere gure arteko giro ona nabarmenduko nuke. Nire kasuan, aurtengo gaztetasuna ikusita, aurrerapauso bat eman nahiko nuke, harrobikoa izanik taldea nirea sentitzen dudalako”.
Euskal Kopara begira “esperantzak” dituztela aitortu du Ariztimuño kapitainak. “Gogo asko ditugu, gazteak gara, baina talentu ikaragarria dago taldean. Gure helburua pixkanaka hobetzen joatea da, horretarako aurten Europan ez jokatzeak gehiago entrenatzeko eta hobetzeko aukera emango digu”. Arlo pertsonalean, bilbotarra antolatzaile nagusia izango da, eta horretarako “prest” dagoela aitortu; kantxan dagoen minutuetan “taldeari ahalik eta gehien lagundu” nahi dio.