Pornografiari buruzko doako formakuntza saioak eskainiko dituzte Gernika-Lumon
Hiru formakuntza eskainiko dituzte, gazteei, profesionalei (irakasle, begirale, hezitzaile...) eta gurasoei zuzendutakoak, eta bakoitzak lau orduko iraupena izango du. Izena eman beharko da horietan parte hartzeko.
Gernika-Lumoko Udaleko Berdintasun sailak pornografiari buruzko doako formakuntza saioak eskainiko ditu kultur etxean. Hiru formakuntza eskainiko dituzte, gazteei, profesionalei (irakasle, begirale, hezitzaile…) eta gurasoei zuzendutakoak, eta bakoitzak lau orduko iraupena izango du; bi astelehenetan bi orduko saioetan garatuko dituzte, 17:00etatik 19:00era bitartean.
Ikastaroak doakoak izan arren, horietan parte hartzeko, beharrezkoa izango da izena ematea, berdintasunaongizatea@gernika-lumo.eus helbide elektronikora mezua bidalita.
16 eta 25 urte bitarteko gazteentzako izango da lehenengo tailerra, irailaren 30ean eta urriaren 7an eskainiko dutena; bertaratzeko, irailaren 27a aurretik izena eman beharko da. Saio horretan, sexualitateari eta pornografiari buruz berba egingo dute, izan ere, pornografia “egungo gazteen arazoa” dela esan ohi da, baina gazteei horri buruz hausnartzeko lekua eskaini gura diete: “‘Pornografia egungo gazteen arazoa dela entzuteaz eta zure iritzia ez eskatzeaz kokoteraino zaude? Hau da zure lekua. Bi saio hauetan, gazteen ikuspuntua ezagutzea eta horri buruz esateko dutena eztabaidatzeko aukera zabaldu nahi dugu”.
Nerabe eta gazteen inguruko hezkuntza eragileentzako saioa izango da hurrengoa, azaroaren 4an eta 18an eskainiko dutena; horretarako urriaren 31 aurretik izena eman beharko da. Bertan, hezitzaile, irakasle, begirale edo hezkuntzako eragileei pornografia lantzeko tresnak eskainiko dizkiete, gida txiki bat. “Hasiera pausoak emateko bi pilula eskainiko ditugu”, adierazi dute.
Hainbat dira familian landu beharreko gaiak, eta tartean dago pornografia. Hala, nerabe eta gazteen familiei “egungo errealitate nahasian” sexuaz aritzeko gakoak eskainiko dizkiete azaroaren 25ean eta abenduaren 2an; horretarako izenaematea azaroaren 22an amaituko da. Hain zuzen ere, sexuaz, pornografiaz, sexting-az… aritzeko gakoetan sakonduko dute hitzordu horietan.
Sexare.
Formakuntza horiez gain, gogoratu dute Sexare sexologia aholkularitza zerbitzua martxan dagoela. Sexua eta sexualitatearen bizipenerako modu onuragarriak bilatzeko doako eta isilpeko zerbitzua da Artekale kaleko 8. zenbakian eskaintzen dutena.
Gazte, heldu zein profesionalentzako aholkularitza zerbitzua da, herritarrek dituzten jakinmin, ondoezin edota galderak argitzeko balio duena. Hala, zerbitzua jasotzeko, 644 89 86 61 telefono zenbakira deitu, sexare@gernika-lumo.eus helbide elektronikora idatzi edota Artekale kaleko bulegora joan beharko da. Aurrez aurreko zerbitzua martitzenero eskaintzen dute, 18:00etatik 19:30era bitartean, eta bulegora bertaratu ezin direnentzat otelefono bidezko arreta ematen dute.