Mundaka Lagunkoia: herritarren parte hartzeagaz inklusibitatea landuz
Mundaka Lagunkoia egitasmoa aurkeztu dute. Herritar guztiei eta bereziki adinekoei eragingo die, eta mundakar eragile guztiek elkarlanean garatuko dute, herri bilerak eginez.
“Nagusientzako lagunkoia den udalerria herritar ororentzat da lagunkoia”. Horrelaxe definitu eta abitu zuten atzo [irailak 19] Mundaka Lagunkoia egitasmo soziala. Udalak Euskadi Lagunkoia sareagaz elkarlanean jorratuko du ekimen hori, helburu argiagaz: herritar guztientzako eta, bereziki, adineko mundakarrentzako abegitsua, inklusiboa eta, funtsean, lagunkoia izango den herria lortzea. Hain zuzen ere, Sorne Rubio Arano alkateak eta Miren Begoña Baskaran Arano udaleko zinegotziak nabarmendu zuten Mundakako herritarren %29k 65 urte edo gehiagoko adina duela. Horrenbestez, batez ere kolektibo horri eragiteko asmoa du proiektuak.
Mundaka Lagunkoia Euskadi Lagunkoiaren eta azken sare horren Bizkaiko talde traktorearen barruan kokatuko da; Euskadi Lagunkoia osatzen duten 84 udalerrietako bat izango da. Herritar guztiei zuzenduta egongo denez, “herritar guztien parte hartze aktiboa” edukiko du ardatz. Euskadi Lagunkoia talde partaide Marta Morenok, atzoko aurkezpen agerraldian, azaldu zuen “bizitza parte hartzailea eta zahartze aktiboa” sustatuko dituztela, “baina belaunaldi denetako herritarren ekarpenak kontuan hartuta”. Herritarrek eurek ez ezik, udala osatzen duten alde teknikoak eta politikoak elkarlanean jorratuko dituzte, denetariko herri eragileekin batera, proiektua aurrera eroateko beharrezkoak izango diren alderdi guztiak.
Mundaka udalerri Lagunkoia izan dadin, jarraituko duten prozedurak lau fase edo etapa edukiko dituela adierazi duten: beharrizanen diagnostikoa, ekintza plana, ekintza planaren ebaluazioa eta, azkenik, ondorioztatzea eta hobekuntza jarraituen bilaketa. Mundakako egoerara eta herritarren beharretara egokitutako diagnostikoaren ekoizpena izango da, beraz, estreinako urratsa. Diagnostiko hori “udalerriko eragile guztien ekarpenagaz” egingo dute. Ekarpen hori guztiori hamar herri bileradun egitarauaren bitartez jasoko dute; bilera bakoitzean langai jakin bat jorratuko dute. “Bilera irekiak izango dira guztiak eta herritar denak ondo etorriak izango dira horietara; udaletxean egingo dira, bi ordu inguruko iraupenagaz, 17:30ak eta 19:30ak bitartean”, argitu zuten.
Urriaren 2an egingo dute lehendabiziko herri bilera. Aire zabaleko espazioak eta eraikinak lantzea izango dute helburu. Ondorengo bilerei dagokienez, honako hauek izango dira onduko dituzten gaiak, dataren hurrenkeraz: urriaren 9an, segurtasuna; urriaren 16an, garraioa; urriaren 23an, etxebizitza; urriaren 30ean, parte hartzea eta gizarte sarea; azaroaren 6an, errespetua eta inklusioa; azaroaren 13an, parte hartzea eta enplegua; azaroaren 27an, komunikazioa eta informazioa; abenduaren 4an, gizarte eta osasun zerbitzuak; azkenik, abenduaren 11ko bilera aurreko guztien ondorioak ateratzeko baliatuko dute, eta ekintza plana ehuntzeko.
Ondorengo urratsei buruz.
Herri bileren zikloa amaitu ondoren, bertan adostu, eztabaidatu eta plazaratutako beharrizanekin Mundakako testuingurura egokitutako ekintza plana josiko dute. Plan hori aurrera eroan ondoren, bere ebaluazioa egitea izango da hurrengo pausoa. Proiektuaren azkenengo fasean, aldiz, ekintza planaren onurak edota gabeziak zeintzuk diren ondorioztatuko dute, eta estrategia horri hobekuntza jarraituak zelan egin pentsatuko. Hori horrela, proiektuan parte hartzen duten udalerriek hori aurrera eroateko baliatu ohi duten batez besteko denbora tarte lau urtekoa da.
Prozesuan lagun egiteko, udalak talde motorra eratu duela azpimarratu zuten aurkezpenean. Talde horren barruan daude, besteren artean, herriko emakume taldea, jubilatuena, kirol eta kultur saila, hirigintza eta ingurumen saila eta zaintzaileen kolektiboa. Hala taldera, nola proiektuan parte hartzera bildu gura direnei, berriz, “animatzeko deialdia” luzatu gura izan zieten udal ordezkariek eta Euskadi Lagunkoiako lantaldeko kideek: “Zenbat eta herritar gehiago lanean aritu, orduan eta diagnostiko fidagarriagoa eskuratuko dugu”.
HERRI BILEREN EGITARAUA
- Urriak 2: Aire zabaleko espazioak eta eraikinak
- Urriak 9: Segurtasuna.
- Urriak 16: Garraioa.
- Urriak 23: Etxebizitza.
- Urriak 30: Parte hartzea eta gizarte sarea.
- Azaroak 6: Errespetua eta inklusioa.
- Azaroak 13: parte hartzea eta enplegua.
- Azaroak 27: Komunikazioa eta informazioa.
- Abenduak 4: Gizarte eta osasun zerbitzuak.
- Abenduak 11: Ondorioak eta ekintza plana.