Etxeratze bidea egin dezakeen irrintzia
Gernika-Lumoko Sarek 2025eko urtarrila bitarteko plangintza argitara eman du gaur [irailak 20], Merkatu plazan egin duen aurkezpen agerraldian.
Zenbakiek ez diote gezurrik. Zenbakiek ez dakite iruzur trikimailurik egiten. Egun, ia 2.000ra iristen da Hego Euskal Herriko kartzeletan dauden espetxeratuen kopurua. Are gehiago: euskal gatazkaren kausaz espetxean dauden euskal presoak 130 dira; iheslariak eta deportatuak, ostera, hamazazpi eta hiru, hurrenez hurren. Hori gutxi balitz, Lannemezango kartzelan beste bost daude, tartean, Jabier Abaunza gernika-lumotarra. Horien egoera konpontzeko, beren etxeratzea eskatze aldera eta etorkizunerako giltzak lortu asmoz, Gernika-Lumoko Sarek agerraldia egin du gaur [irailak 20], Merkatu plazan. Kolektiboko kideek herritarrak elkarretaratze horretara deitu dituzte, eta bertan 2025. urteko urtarrila bitarteko jardueren nahiz ekimenen plangintza plazaratu dute.
Etxeratzearen prozesu soziala betiere itsasargi harturik, dinamikan parte hartzeko deialdia luzatu diete “ahalik eta indar edo sektore gehienei”. Barroteez haragoko dei horrek airea bera zulatu du, Bermeoko emakumeen irrintziz hasi baitute ekitaldia. Irrintziak isildu dira jarraian, baina ez aldarria; azken horrek bertso soinekoa jantzi du. Izan ere, Lilibertsoko bertsolariek, Beñat Bilbao eta Ibai Amillategi gernika-lumotarrek, hartu dute mikrofonoa.
Sare On irratsaioak bost atal edukiko ditu, urtarrila artean; azken atala Bilboko mobilizazio orokorraren bezperatan egingo dute, formatu “bereziagaz”
Datorren urtarrila bitartean, hainbat izango dira Sarek aurrera eroango dituen egitasmoak. Horietako bat Azken ostiralak deritzona da. Azaldu dutenez, ikasturte berriaren hastapenagaz, “bultzatu eta zabaldu” egingo dituzte Sarek eta Etxeratek hilabetez hilabete elkarlanean egiten dituzten herritar elkarretaratzeak. Aldarrikapena, orain arte legez, uhinetara ere ailegatuko da. Hain zuzen ere, Sare On irratsaioak udazkenean aurrera egingo duela iragarri dute gaur. Hilabete honetan ekingo diote berriro saioari, eta bost atal ekoiztuko dituzte, urtarrila artean. Azkenengo irratsaioari ere data ipini diote: urtarrileko Bilboko manifestazioaren bezperetan egingo dute, eta formatu “berezia” edukiko du. Gaurkoan, irratiaren garroak Merkatu plazaraino iritsi dira, bertatik bertara sintonizatu baitute irratia.
Aurkezpenak, ortzimugan.
Era berean, aurreratu dute Zenbat lo izeneko ipuinaren aurkezpena egingo dutela, lanaren egileekin (Iraitz Lizarraga Gomez eta Izaro Lizarraga Galdos); urriaren 9an izango da, Gernika-Lumoko Astra kultur faktorian. Lan horrek Nekane Txapartegiren eta bere alabaren bizitzan oinarrituriko pasarteak ditu oinarri. Gaurko agerraldian, poesia musikatu itxura eman diote obra horren zati bati, Jon Rementeriaren gitarra soinuagaz eta Haizea Castillaren ahotsagaz. Edozelan ere, hori ez da iragarri duten aurkezpen bakarra: data oraindik zehazteke egon arren, Eztizen Artolak Gurpilak izeneko bere lanaren aurkezpena egingo duela adierazi dute; motxiladun umeen bizipenak eta testuingurua bertatik bertara ezagutzeko aukera aproposa izango da. Gaur, obra horren lagin txiki bat taularatu dute, Rementeriaren gitarra berriro oinarri hartuta eta Leire Gonzalezen ahotsak hornituta.
Abenduaren 31ko mobilizazioa egingo dela aurreratu dute, baita urtarrilaren 11ko manifestazioa “indartzeko” lan egingo dutela ere
Gabon sasoiari begira, aurten ere esangura nabarmena edukiko du Sarerentzat adierazpen instituzionalak: “Garrantzia berezia ematen jarraituko diogu aho batez adosturiko udal ordezkaritza guztien adierazpenari”. Halaber, urtearen azkenengo egunean, herritarrak elkartzera eta mugitzera deituko dituzte. “Geure ohiko mobilizazioa egingo dugu”, azpimarratu dute. Mobilizazioaren gurpil horrek are abiadura handiagoa hartuko du urte hasiera iristeagaz batera, urtarrilaren 11n Bilboko mobilizazio orokorrean parte hartuko baitute. Gainera, aurreratu dute manifestazio jendetsu hori beraien eragin esparrutik “ahalik eta gehien indartzeko” lan egingo dutela.
Auzolana eta horrek beregain dakarren herrigintza konpromisoa zein garrantzitsuak diren jakitun, Sareko lantaldeak argi eta garbi laga du Astra edota Gernika Memoriaren Lekuko plafatorma bultzatzen jarraituko duela, eta proiektu horiek bere egingo dituela. Azaldutako dinamika horren guztiorren ertzak aurrera eramateko, beharrezkoa den lanketa ekonomikoa egiten segituko dutela azaldu dute.
Audience talde gernika-lumotarrak Xabier Paya Ruiz idazle getxoztarragaz batera Bob Dylanen errepertoriotik euskaraturiko Garaiak aldatzen baitira abestiaren doinupean biribildu dute herritarrek gaurko ekitaldia. Garaiak aldatzeko asmoz eta garai berriei atea zabalduz. Ateak zabaltzeko, baina, giltzak behar. Eta agerraldian esku artean eduki dituzten giltza horiek plazaren erdialdeko mapara bota dituzte bertaratu diren guztiek. Elkarretaratzea abiatu duten soinu banda berberagaz osatu dute: irrintzi eginez. Oso urrunera iristen diren irrintziak; barroteak zeharkatzeko bezainbestekoak, gutxienez.