Astelehena da Muruetako arrantza lehiaketan izena emateko azken eguna
Lehiaketa irailaren 28an [zapatua] egingo dute, Teilerian. Ume zein nagusiek parte hartu ahalko dute, baina arrantza lizentzia edukitzea beharrezkoa da.
2022an berreskuratu zuten arrantza lehiaketari jarraipena eman nahi dio Muruetako Udalak; horregatik, aurten irailaren 28an [zapatua] antolatu dute, Teilerian. Aurretik izena ematea beharrezkoa izango da, eta parte hartu nahi dutenek astelehena [irailak 23] izango dute horretarako azken eguna.
Gehienez 50 parte hartzaile izango ditu txapelketak, eta Muruetan erroldatutakoek lehentasuna izango dutela adierazi dute antolakuntzatik. Era berean, partaideek zenbait baldintza bete beharko dituztela jakinarazi dute besteak beste, arrantza-lizentzia edukitzea. Lehiaketari dagokionez, arrantzale bakoitzak gehienez 2 kanabera erabili ahal izango ditu, eta horietako bakoitzaean amu bakarra. Zehaztu dutenez, puntu banaketa antolakuntzaren araudia jarraituz egingo da.
Azaldu dutenez, lehiaketan ume zein nagusiek parte hartu ahal izango dute, baina 15 urtetik beherakoak heldu batekin joan beharko dute nahitaez. Interesa dutenek 661 54 33 66 telefonora idatzi beharko dute, izena emateko. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte hartzaileak Murueta arrantza taldearen WhatsApp taldean sartuko dituzte, lehiaketari buruzko xehetasun guztiak emateko. Inskripzioen prezioei dagokionez, 16 urtetik gorakoek 12 euro ordaindu beharko dituzte; 16 urte baino gutxiago dituztenen izen ematea berriz, doakoa izango da.