Ruper Ordorikak bere kanta famatuenak errepasatuko ditu
Kontzertua eskainiko du zapatuan [irailak 21], 19:00etan, Lizeo Antzokian.
Ruper Ordorikak Bakarka II bere azken diskoa aurkeztuko du zapatuan [irailak 21], 19:00etan, Lizeo Antzokian. Sarrerak salgai daude 12 eurotan eta 9 eurotan Lizeo Lagunak bazkideentzako.
2018ko udazkenean, Ruper Ordorikak Bakarka diskoa argitaratu zuen Elkarren eskutik. Diskoan, artistak errepasatu zituen bakarka, izenburuak adierazi bezalaxe, bere ibilbideko kanta adierazgarrienetako batzuk. Guztira, hamabi. Izan ere, Ordorikak bazeramatzan urte batzuk tartekatzen bere ohiko taldeagaz eskainitako emanaldiak eta bakarka egindakoak. Bakarkakoek, bere ahotsa soil-soilik gitarraz lagunduta, giro “intimoagoa” sortzen zutela esan du.
Aurten, berriz, pauso berri bat eman du Ordorikak Bakarka haren bide minimalistan. Izan ere, 40 urteko ibilbidean asko dira sortu dituen kantu adierazgarriak. Eta horietako asko faltan sumatzen zitzuten entzuleek Bakarka diskoan. Gauzak horrela, musikariak bere errepertoriotik 12 kanta gehiago aukeratu eta grabatu ditu, “kantaren esentzia biluztea ahalbidetzen dion formatuan”.
Azaldu duenez, hainbat arrazoik egiten dute “berezi” Bakarka II disko berria. Horietako bat formatua da. CD formatuan, hamabi kanta bilduko ditu, adibidez, Erruduna, Zaindu maite duzun hori eta Zaldiak negarrez. Baina Bakarka II LP formatuan ere aterako da. Formatu horretan bilduko ditu Bakarka-ko hamar kanta eta Bakarka II-ko hamabiak.