Mendatan erabakiko da Busturialde Inertzia Kopa
Zapatuan [irailak 21] I. Busturialde Inertzia Koparen azkenengo proba puntuagarria lehiatuko dute, 16:00retan: Mendatako Goitibehera Lasterketa.
I. Busturialde Inertzia Kopa bere amaierara heltzeko zorian dago. Zapatuan [irailak 21], 16:00retan hasita, Mendatak hartuko du eskualdeko goitibehera txapelketaren azkenengo lasterketa puntuagarria. Parte hartzaileek jaitsiera luzea eta taktikoa edukiko dute, lehiaketaren estreinako aldiari amaiera biribila emate aldera: Lamikiz auzora eta handik Kanpantxurako bidegurutzera jaitsiko dira, 1.800 metro inguruko tartea eginez. Lehiaketako ibilbiderik luzeenetakoa izango da, bere penditz oso esanguratsuagatik gaitasun tekniko azpimarragarria eskatuko duena.
Lehen postua egonkortuta egonagatik ere, podiumerako lehia zabal-zabalik dago
Azkenengo hitzorduaren faltan, lehiari ezin zaio gehiago eskatu. Izan ere, podiumerako borroka zabal-zabalik dago, behin-behineko sailkapenean lehen bost postuetan dauden parte hartzaileeen aldetik. Gaur-gaurkoz, nahikoa seguru dagoen postu bakarra lehenengoa da: Koldo Betanzos eta Urko Lekerikabeaskoa lidertzan daude, orain arteko lau probetan 256 puntu poltsikoratu ostean. Bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, Alain Acillonak eta Kepa Urrestik osatutako bikotea eta Ioritz Zabalgogeaskoak eta Oier Madariagak eraturikoa daude; lehenengoek 195 puntu dituzte patrikan, bigarrenek baino bost gehiago. Edozelan ere, laugarren eta bosgarren sailkatuei ere oraindik ez zaie zarratu podiumera jauzia egiteko atea: laugarrenek, Danel Arrietak eta Peru Ugaldek, 182 puntu dituzte; bosgarrenek, Ekhi Urrutxuak eta Eneko Rementeriak, ostera, 175 puntu.
Euria, iragarrita.
Antolatzaileek, horrenbestez, aurreikusi dute azken lasterketa “lehia eta ikuskizun” politaren kokaleku izango dela Mendata: “Gaur egun lehen postuan daudenek, proba amaitzeagaz bakarrik, nahikoa lukete garaipena lortzeko; hori bai, podiumean postu bat eskuratzeko aukera ikusten dutenek gogotik arriskatu beharko dute eta, beraz, lasterketa liluragarria izan daiteke”. Hori gutxi balitz, eguraldi petrala egingo duela eta horrek neurri bereziak hartzera derrigortuko dituela adierazi du antolakuntzak: “16:00rak eta 18:00rak bitartean, badirudi ekaitz iragarpena dagoela; horrek jaitsiera zaildu egingo du, eta hala bihurguneen planteamenduan, nola material kontuetan aldaketak ekarriko ditu”.
Euri iragarpenak pneumatikoen presioa moldatzera behartuko ditu parte hartzaileak
Gaur egun, inertzia kirolen legediek eta araudiek ez dute galarazten aldaketak egitea bai gurpiletan, bai pneumatikoen presioetan, egoerak hala eskatuz gero. Hori horrela, Mendatako jaitsierak ohiz kanpoko neurri horiek eskatuko dituela uste dute: “Eskualde mailan, ez dugu pentsatzen euri arriskuagatik gurpilak edo, oro har, materiala aldatzeko bezainbesteko ikuspuntu profesionala duen jendea dagoenik; dena dela, pneumatikoen presioagaz bai jolasten dute, ibilbidearen eta lurzoruaren arabera moldatuz”. Mendatan, zorua busti egoteko aurreikuspena tarteko, presioak jaitsi egingo dituzte, asfaltoagaz kontaktuan egongo den pneumatikoaren azalera handiagoa izan dadin eta, hala, trakzio handiagoa eduki dezaten.
“Garrantzitsua izango da jaitsiera osoa buruan argi irudikatzea, lehiari ekin orduko”
Materiala ez ezik, bihurguneetan zelan jokatu ere doi-doi pentsatu beharko dute partaideek: “Garrantzitsua izango da jaitsiera osoa buruan argi irudikatzea, lehiari ekin orduko. Bihurguneetan, bestalde, parte hartzaile batzuek zorua lehor balego baino mantsoxeago sartzea lehenetsiko dute, modu garbian ateratzeko. Alde horretatik, bihurgune teknikoak dituen jaitsiera da, horietako batzuk lotuta iritsiko baitzaizkie lehiakideei”.
Lehen aldi arrakastatsua.
Txapelketaren estreinako aldia bukatzeko puntuan, “guztiz arrakastatsua” izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. Kopa sortu orduko, Gernika-Lumon eta Muruetan besterik ez ziren ikusten goitibehera lasterketak eta, hain zuzen ere, kopuru hori asko mardultzea lortu dute: Ajangiz, Muxika, Gernika-Lumo, Murueta eta Mendatak osatu dute inertzia egutegia”. Ez hori bakarrik: lasterketok Euskal Inertzia Koparako baliagarriak ere badira. Bai parte hartzaileek, bai ikusleek “egundoko erantzuna” eman diote txapelketari: “Asko izan dira interesa erakutsi dutenak; horietako ugari, gainera, gaztetxoak dira eta gurasoek lagunduta ere hurreratu zaizkigu lasterketara. Hori gutxi ez, eta urrundik ere bertaratu dira lehiakideak, hala nola, Kantabria aldetik”.
“Parte hartzera animatu gura duten guztiei antolakuntzagaz hartu-emanean ipintzeko gonbitea luzatu nahi diegu”
Lasterketak eskualdeko aipatutako udalerrietako jaien aterkipean atondu dituzte. Alde horretatik, “garrantzitsua” da antolatzaileen babesa sentitzea: “Udalek, jai batzordeek edota bestelako eragileek prestutasun handia erakutsi dute proiektuarekiko, eta horrek tankerako egitasmoak antolatzen segitzeko grina pizten du”. Hain zuzen ere, aurtengoa oraindik amaitu barik egonik ere, hurrengo urteko bigarren aldiari begira daude jadanik: “Aurten detektaturiko akatsak zerrendatzen ari gara, horietatik ikasi eta atzera ez errepikatzeko. Lehen aldiak edukitako maila eta lasterketa kopurua mantentzea dute hortzimugan, baia ez diote hazteari uko egin gura: “Parte hartzera animatu gura duten guztiei antolakuntzagaz hartu-emanean ipintzeko gonbitea luzatu nahi diegu, eskualdeko kopa finkatzen lagundu dezaten eta, modu horretan, han-hemengo jaiek kolore hori ere eduki dezaten beren egitarauetan”.
BEHIN-BEHINEKO SAILKAPENA
- Koldo Betanzos-Urko Lekerikabeaskoa: 256 puntu.
- Alain Acillona-Kepa Urresti: 195 puntu.
- Ioritz Zabalgogeaskoa-Oier Madariaga: 190 puntu.
- Danel Arrieta-Peru Ugalde: 182 puntu.
- Ekhi Urrutxua-Eneko Rementeria: 175 puntu.
- Urtzi Torrontegi-Aimar Lopez de Larruzea: 116 puntu.
- Jon Ibarguengoitia: 115 puntu.
- Paul Bonilla-Oihan Etxeguren: 106 puntu.
- Aimar Goitia-Ibai Alba: 91 puntu.
- Mikel Zarakondegi-Iban Goiriena: 89 puntu.