Itsas hondoa garbitzera aterako dira
Hondartzen eta itsas hondoen garbiketa antolatu du Izaro Subek, zapatuan [irailak 21], Harriboletan. Hiru orduko garbiketan biltzen dituzten hondakinak sailkatu eta datuak Marnoba aplikazioan partekatuko dituzte.
Ekainean Hondartzen eta Itsas Hondoen Nazioarteko Garbiketan parte hartzen du Izaro Subek, eta oraingoan beste garbiketa bat antolatu dute, normalean joaten ez diren eremu berri bat garbitzeko: zapatuan [irailak 21] jarri dute hitzordua, 9:00etan, Harriboletan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, printzipioz ez dira pertsona asko elkartuko: “Ez dugu nahi inor harrietan erortzea. Hala ere, urpekari batzuk joateaz gain, beste pertsona batzuk ere joango dira, aparkaleku inguruko eta itsas hondoetako zaborrak batzeko”. Adierazi dutenez, portuko garbiketa errazagoa izaten da, bereziki umeak badatoz. Harriboletan izanda, antolatzaileak “arduratuta” daude, horregatik erabaki bat hartu behar izan dute: “Uste dugu hobeto izango dela jende gutxiago joan, baina segurtasun gehiagorekin ibiltzea”. Hori bai, herritarren batek garbiketagaz bat egin nahi badu “ateak zabalik” dituela zehaztu dute. Izena emateko Izaro Suben helbide elektronikora idatzi beharko da —izarosub@izarosub.eus—.
Izaro Subeko kideek azaldu dutenez, garbiketak hiru ordu iraungo du, eta hori bukatuta, jasotako guztia batuko dute: “Jasotakoa batu eta hondakinen sailkapena egingo dugu: plastikoa, gurpilak, kristala…”. Bildutako datuak Marnoba aplikaziora —herritarrek eta erakundeek kostalde eta itsasoetan aurkitzen dituzten itsas zaborrei buruzko informazioa bidaltzeko aplikazio mugikorrera— igoko dituzte, “erregistro mundialera batzeko”.
“Guri gehien gustatzen zaiguna, gure zaletasuna, itsasoa da. Amorrua ematen du itsasora eguna pasatzera edo urpean igeri egitera ateratzen garen bakoitzean dena zaborrez beteta ikusteak”, adierazi dute. Azaldu dutenez, itsas hondoan dagoena ikusten ez denez, eta jendeak uste du garbi dagoela: “Horregatik, zaborra ateraeta ikusarazi nahi dugu, jendeak zer dagoen ikusi eta mesedez, itsasora ezer ez botatzeko”.