Gernika-Lumoko jaietako protokoloaren balorazioa eman dute aditzera
Jaietatik hilabete bat pasatu den honetan, Gernika-Lumoko jaietako eraso sexisten aurkako protokoloaren inguruko balorazioa egin zuten atzo, Pasealekuan.
18:30ean batu ziren Pasealekuan, atzo, eta Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietatik hilabete pasatu den honetan, martxan jarritako eraso sexisten aurkako protokoloaren balorazioa eman zuten. “Aurten ere ezin dezakegu esan erasorik gabeko jaiak izan direla, izan ere, abuztuak 16an emandako eraso sexista bat salatzera irten behar izan ginen kalera”, adierazi zuten balorazioaren hasieran. Gerora jakindako beste eraso baten berri ere eman zuten , eta horren aurrean “herritarren jarrera txalokatu” zuten, esan dutenez, erasoaren aurrean emakumea babestera irten zirelako.
Argi esan zuten: “Ez dugu jaietan inolako eraso sexistarik onartuko!”. Gaur eguneko jaien egoera ikusita, ordea, aditzera eman dutenez, badakite jai gune aske baten alde emakumeek antolatzen jarraitu behar dutela oraindik. Alegia, urte honetako antolakuntzaren harira, esker oneko hitzak izan zituzten: “Eskerrak eman nahi dizkiegu brigadetan parte hartutako guztiei, eta WhatsApp sarean laguntzeko prest agertu zirenei, beraiek barik protokolo hau ez litzatekelako posible izango”. Horri, Txosna Batzordeko kideen prestutasuna gehitu zien, beraien “aliatu” izateagatik.
Jai gune seguruak bermatzeko instituzioen baliabide faltaren inguruan ere hausnartu zuten: “Gernika-Lumoko udalak jaietako protokolo bat eratu du aurten, eta argi geratu da aurpegi zuritze lan bat soilik izan dela. Puntu more bat ezarri zuten, eta guk, aurretiaz salatu genuen bezala, edozein erasoren aurrean polizia aktibatzeak intimidazioa eta birbiktimazioa sustatu dezakeela uste dugu”. Hori guztia kontuan izanik, Gernika-Lumoko emakumeek eraso sexistarik gabeko jaien alde antolatzen jarraituko dutelaren ideian tinko mantendu ziren.