Energia komunitatearen eratze bidean, bigarren etapa
Ibarrangelun energia komunitatea sortzeko bigarren herri bilera egingo dute datorren barikuan [irailak 20], 18:30ean, kultur etxean. Komunitatearen forma juridikoak eta finantzazio alderdiak aztertuko dituzte.
Ibarrangelutarrek udalerrian energia komunitatea eratzeko urratsak egiten jarraitzen dute. Uztail hasieran herritarren arteko estreinako bilera egin ondoren, barikuan [irailak 20] bigarrenez elkartuko dira, 18:30ean, kultur etxean. Bigarren bileran, energia komunitatea osatzerakoan aintzat hartu beharreko alderdi esanguratsu bitan ipiniko dute fokua, Barrizar enpresako lantaldeagaz batera: batetik, legediaren aldeari erreparatuko diote; bestetik, kostuen finantzazioa aztertuko dute.
Udaletik aurreratu dutenaren arabera, herriko komunitate energetikoak zein forma juridiko eduki ahalko lukeen eztabaidatuko eta adostuko dute barikuan; horregaz batera, forma juridiko horretan parte hartzeko interesa edukiko luketen ibarrangelutarren zerrenda eguneratuko dute. Finantzazio iturrien ardatza lantzeko, lehenik eta behin, herritarrei azalduko diete zeintzuk liratekeen finantzazio bide publikoen eta pribatuen arteko alderik azpimarragarrienak.
Energia mota desberdinetako instalazioak plazaratuko dituzte bileran, “kostuen inguruan berba egingo denez”. Ez hori bakarrik: adituek herri bilera hori probestuko dute argitzeko zein litzatekeen energia instalazioak modu indibidualean edota kolektiboan egiteak suposatuko lituzkeen kostu ekonomikoen aldea. Langai horiek taldean aztertzeko, udalak herritarrei kultur etxera bertaratzeko eta parte hartzera animatzeko deialdia luzatu die.
Bide baten emaitza.
Bigarren herri bilera lehendabizikoan energia komunitate kontzeptua azaldu ondoren iritsiko da. Hain zuzen ere, uztaileko elkargunean komunitateak dakartzan abantailak ezagutu zituzten ibarrangelutarrek, eta nork parte har dezakeen jakin ere bai. Komunitatearen eratze prozesuaren batez besteko luzera epeak azaldu zizkieten espezialistek, baita bazkide motak zeintzuk diren argitu ere, eta komunitatearen parte izateak suposatuko lituzkeen “denetariko abantailak” aurreratu ere bai. Bigarren bilera, horrenbestez, lehenengoaren ondorio edo jarraipena izango da.