Antzerkira gerturatzeko bi hitzordu, Ean
'Mute' kale antzerkia ikusteko aukera egongo da etzi 19:00etan, Eako frontoian, eta 'Eukalyptus' ikustekoa egongo da zapatuan, 21:00etan, Eskolondon.
Ea sormenez betetzen segituko dute irailaren azken bi asteburuetan. Kultura irailEan programaren baitan, antzerkia hauspotuko dute barikuan eta zapatuan, bi eskaintza berezi eta desberdin eskainiz, eta MusikEanen txanda izango da irailaren 26tik 29ra artean. Baina lehenengo, Mute ikusteko aukera egongo da etzi 19:00etan, Eako frontoian, eta Eukalyptus ikustekoa egongo da zapatuan, 21:00etan, Eskolondon. Jakinarazi dutenez, euria eginez gero, Eskolondora lekualdatuko dute frontoiko ikuskizuna.
Herri txikia kulturara are gehiago gerturatzeko eta herritarrei kulturaz gozatzeko aukera emateko beste pauso bat da Eako Udalak eta HEA Kultura Elkarteak elkarlanean antolatu duten antzerkien asteburu hau. “Herri txikietan bizi garenontzat zailagoa da horrelako kultur ekitaldiez gozatzea, gure herritik atera behar izaten dugulako horretarako. Ondorioz, irailean MusikEan musika zikloa antolatzen dela aprobetxatuta, herrian kultur ekitaldiei bultzada handiagoa eskaintzea pentsatu genuen, eta hala egin dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Hala, mutazioari buruz hitz egiten duen kale antzerkia eta eukaliptoaren errelatoa kontatzen duea aukeratu dituzte.
Mutazioa etengabeko zerbait dela oinarri hartuta, egiturak edo pertsonak aldatzekoa deia egiten du antzezlanak: “Muta ditzagun egiturak, pertsonak… aurrera egiten jarraitzeko, urrunago edo gorago iristeko, are eta zailagoa den horretara ailegatzeko”.
Jon Ander Urresti sortzaile bermeotarraren Eukalyptus antzezlanak, berriz, eukaliptoaren errelatoa kontatzen du. “Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi dut, zalantzak sortu. Izan ere, hori da artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten dute”, aitortu du Urrestik.
Antolatzaileek ziurtatu dutenez, “ahalik eta jende gehienarengana” ailegatu nahi dutelako aukeratu dituzte bi horiek. “Publiko zabal batentzako eskaintza egin nahi genuen, eta Mutek aukera hori eskaintzen du. Ze, kale antzerkia da, eta ikusgarritasuna ematen diogu horrela; gainera, adin guztietako jendeari zuzendutako obra da. Horrez gain, Leioako kale antzerkien jaialdian, Kultur Leioan-en, saritu egin zuten obra hau, eta kalitatezko kale antzerkiaren eskaintza egin gura genien herritarrari”, argudiatu dute. Eta, gogoratu dute, Eukalyptus kalitatezko antzerki obra bat izateaz gain, Durangoko Azokan ere saritua izan zela: “Bestalde, gure inguruan presente dagoen gaia lantzen du”.
2019ra bitartean, Poesia Egunetan leku garrantzitsua zuten kale antzerkiek, eta iaz ere, Hondamendiak bete zuen herria. Hala, horrekin segitzeko pausoa eman dute, eta jendeari hurbiltzeko deia egin diete, datorrena ez delako damutuko: “Hau bada modu bat, herritarrak antzerkira hurbiltzeko. Ez da sekulako eskaintza, baina lehenengo pausoa da”.