Gazteria Sailak Aisialdirako Begirale Ikastaroa eskainiko du
Gazteei aukera hezigarriak eskaintzeko helburuagaz antolatu dute Begirale ikastaroa. Izena eman nahi dutenek irailaren 26a izango dute horretarako azken eguna, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean.
Bermeoko Udalak begirale ikastaroa antolatu du Gazteria Sailaren bitartez. Gazteei aukera hezigarriak eskaintzea da Gazteria Sailaren xedeetako bat, eta horregatik eskainiko du, beste urte batez, Aisialderako Begirale ikastaroa. Izena emateko epea irailaren 26ra arte edo eskainitako gehienezko plaza kopurua bete arte egongo da zabalik.
Hezkuntza aisialdirako hezitzaileak trebatzea da ikastaroaren asmoa, lana bilatzeko prozesuan gazteek arrakasta izatea errazteko. 2024/2025 ikasturteko prestakuntza urrian hasiko da, eta maiatzera arte iraungo du; zehaztu dutenez, guztira 12 asteburu izango dira. Interesa dutenek Gazteentzako Informazio Zerbitzuan (GIZ) eman beharko dute izena, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Matrikularen prezioari dagokionez, 35 urtetik behera dituzten bermeotarrek 350 euro ordaindu beharko dituzte; gainontzekoek, 450 euro.
Eskolak. Ikastaroak atal teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu. Atal teorikoa 150 ordukoa izango da; bariku arratsaldeetan, 18:30etik 21:ooetara, eta, zapatuetan, 10:00etatik 14:45era eta 16:00etatik 18:30era. Eskolak Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean bertan eskainiko dira. Ikasturtean zehar hiru asteburutan, aldiz. prestakuntza La Arboledako aterpetxean eskainiko da: zapatuko 10:00etatik domekako 13:30era bitartean.
Atal teorikoa bukatuta, parte hartzaileek 16o orduko praktikak egin beharko dituzte. Begirale praktikak egin ahal izateko ikasleek 18 urte izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzen denerako, hau da, 2025eko ekainerako. Horrez gain, ikasleek euskaraz jakitea ezinbesteko baldintza izango da, ikastaroa euskaraz eskainiko baitute. Praktikaldia bukatuta, parte hartzaileek Eusko Jaurlaritzako Aisialdirako Begirale titulu ofiziala jasoko dute.