Xixiliri agur esan orduko gozamena
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak amaitzear dauden honetan, ohiko moduan, baserri giroko Santa Eufemia egun berezian barneratu dira herritarrak, eguzkia lagun izanik, Xixili agurtzeko falta dituzten orduez gozatuz.
Uda amaitzear dagoen seinale, Bermeoko jaien bukaera heldu da beste behin. Horretarako, herritarrak egun guztiko egitarauaz gozatzeko aukera dute, baserritar giroan murgilduz, eta horri buruz gehiago ikasiz. Herria horretarako apaidu dute, alegia: animaliek eta azokak hartu baitute aurrea Bermeoko Lameran eta inguruan. Herriko jai eguna haintzat hartuz, ume, gazte, nagusi, eta zaharrek bete dute herria goiz guztian zehar.
Lameran, denetarik erosteko kutsua izan da. Barazkiak, gaztak, opilak, eta abar luze bat izan dira horren adierazle. Saltzaileak pozik agertu dira herriko jendearen prestutasunaren aurrean, gainera: “Giro aparta somatu da lehen ordurik, eta denborak aurrera egin ahala, Lamera betetzen joan da. Hainbat jende ibili da posturik postu begira, eta nola ez, nahikotxok egin dituzte erosketak ere”.
Mahoia janzteko azken eguna dute bermeotarrek gaur, eta ongi ari dira eguna aprobetxatzen, eguraldia ere aldeko duten honetan. Musika, dantza eta giro herrikoia izan dira goizaren protagonistak. Goizeko 10:00etatik 15:00etara arte egon da azoka Lameran. 12:00etan, ordea, Goiko plazan, Udalbatzak Alkate Soinua entzun eta Arostegi kaletik Gazteluraino joan dira Aiarako Musika Bandak eta Bermeoko Txistulariek lagunduta. Han, Bermeoko Txistularien eskutik berriz ere Alkate Soinua entzun dute, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren ekitaldia eta Aiarako Musika Bandaren Saioa izan dira Gaztelun, giroa guztiz animatuz. Ondoren, berriz ere azoka inguruak hartu du tokia herrian, Bermeoko Erraldoien kalejiraz eta Arrekatxutxa trikitilariez baliatuz.
Aurten, ez da omenaldirik egin Gaztelun. Joan den urtean Carmen Zulaika eta Juan Mari Monasterio omendu zituzten gaurko egunez. Aurten, ordea, jaiak hartu du Gaztelu plaza. Balkoirik balkoirako bertso saioa izan da gero, gainera. Euskeraz Berbetan taldeak lagunduta, 13:00etan Onintza Enbeita, Miren Amuriza eta Alaia Martin izan dira Gazteluko balkoietan bertsotan. Herriak ekintza horrekiko “erantzun positiboa” izan du beste behin ere, plaza bete-bete egin baita.
Agurrez beteriko arratsaldea. Bermeoko Txosna Batzordeak azken urteotan egin duen bezala, aurten ere kuadrilen arteko lehia antolatu du jaietan zehar. Besteak beste, Eingule?, playback-a, tortilla txapelketa, mozorroak, ginkana eta eskalada txosneroa. Gaur, arratsaldeko 18:30etan, lehia horren irabazlea jakinaraziko du Bermeoko Txosna Batzordeak, eta era berean, sari banaketari ekingo dio. Horrekin batera, aurtengo txosnari agur esango dio herriak, txosnaren itxierarekin batera. Agurrez beteko da iluntzea, hain zuzen ere. Txosnaz gain, jaiak ere badoaz, eta jaiekin batera, Xixiliri ere agur esateko ordua heltzear dago. Horretarako, urteroko Doluzko ibilaldia egongo da Xixilirekin batera, eta Aiarako Musika Bandaren laguntzaz, Goiko plazan hasiko den eta Portuan bukatuko den Xixiliren 2024ko azken agertzea egingo da herrian, jaiei agur esanez, eta ohikoa den moduan, Xixili errez.
Oraindik, ordea, bada herrian jai giroa, eta horretarako dute egun aproposa gaur bermeotarrek, giro herrikoian tente mantentzeko, eta hurrengo urtera arte jai herrikoiei agur esateko.