Santakurtze jai herrikoiak "giro ederrean" ospatu dituzte
Udako azken egunak jai giroz bete dituzte santakurtzeek. Ariatzako eta Bizkaiganeko bizilagunek alaitasunez jantzi zituzten inguruko txokoak, eta elkarregaz gozatu zuten asteburuan.
Udako azken egunak jai giroz bete dituzte santakurtzeek. Ariatzako eta Bizkaiganeko bizilagunek alaitasunez jantzi zituzten inguruko txokoak, eta elkarregaz gozatu zuten jai egun horiez.
Hitzordu berezia izaten dute santakurtzeetakoa errigoitiarrek, eta aurten are bereziagoa izan da ospakizuna. Hala, Bizkaiganeko ermita inguruak jai giro herrikoiez jantzi zituzten atzokoan (irailak 15). Ohi legez, Bizkaigane Eguna antolatzen duten herritarrek euren kutsu abertzalea mantendu dute, eta hildako gudariak oroitu dituzte, bertso eta txistu artean.
Ostean, ardi txakurren lehiaketak hartu zuen protagonismoa, urtero legez. Baina aurten, 25. urtez antolatu dute lehiaketa, eta horrenbeste urte izan direla ospatzeko, ekintza berriztua prestatu zuten: Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako txapeldunak bertaratu ziren Bizkaiganera. Artzainak zein txakurrak Euskal Herrikoak izan ziren eta denetan onena izan zen Bizkaiko Txapelduna den Karlos Ardanza, Mendi txakurragaz. Bigarrenak Jose Mari Jauregi eta Sua txakurra Arabako txapeldunak izan ziren eta Antonio Alustiza eta Bat txakurra sailkatu ziren hirugarren. Laugarrenak, berriz, Jabier Zubiaurre eta Mendi txakurra izan ziren, gipuzkoarrak.
BIZKAIGANEKO ARGAZKIAK (Igor Zearra)
Bestalde, Ariatzan ere jai egun handiak dira uda amaierako hauek. Hala, asteburuan motorrak berotu dituzte, eta datorren astebururako prestatzen aritu dira. Izan ere, pregoia eta txupina jaurtiz hasi zituzten jaiak barikuan, eta ez ziren falta izan makailau jana eta porra txapelketa.
Santa Kurtze eguna, baina, zapatuan izan zen, eta urtero legez, musika, jan-edana eta parranda uztartu zituzten muxikarrek. Izan ere, herri bazkarian batu ziren hainbat eta hainbat lagun. Briskara jolastu eta txokolatea hartzeko tartea izan zuten Ariatzara bertaratu zirenek, eta gauean, Erreten taldearen kontzertuaz eta Fardy DJaz gozatzeko aukera izan zuten.
Asteburukoak eginda, dagoeneko datorrenekoa prestatzen hasi dira. Izan ere, herriko kuadrilak urteroko paella janean elkartuko dira Ariatzako txoko inguruan zapatuan, eta bertsolariek eta erromeriak girotuko dute arratsalde iluntzea. Domekarako, berriz, jaiak agurtzeko Saragiaren hileta prestatzen ari dira ariatzarrak. 1922an auzoak hasi zuen ekimen herrikoiagaz agurtzen dituzte auzoko festa nagusiak urtez urte, eta aurten ere ohitura zaharragaz jarraituko dute.
Zapatua, irailak 21
- 15:00. Herriko kuadrillen arteko paella jana.
- 19:30. Bertsolariak.
- 21:00. Erromeria: Beñat eta Argi.
Domeka, irailak 22
- 12:00. Meza nagusia, herriko abesbatzagaz.
- Ostean. Baso-Txoritxu dantza taldearen ekitaldia.
- 13:30. Saragiaren hileta.