Ariatzan eta Errigoitin asteburu honetan zehar ospatuko dituzte udari bukaera emateko jaiak. Bietan, Santa Kurtze jaietarako egitarau berritu eta borobila zabaldu dute.
Udari amaiera emateko, Santa Kurtze edo Aitxe Kutz jaiak datoz. Horrela, eskualdean Ariatza (Muxika) eta Bizkaigane (Errigoiti) jai giro herrikoian murgilduko dira bihartik aurrera. Ariatzan, bost egunekoa izango da egitaraua, asteburu hau eta hurrengoa uztartuz. Errigoitin, ordea, egun bakarra izango da berezia. Domeka [irailak 15] hain zuzen ere. Aipatutakoez gain, Berriatuan ere ospatuko dituzte santakurtzeak, kasu honetan, bihar [irailak 14].
Udazkena datorrelaren adierazle argiak dira Santakurtzeak, eta hori ospatzeko egitarau borobila dute prest herriek. Gaur emango diote hasiera Ariatzan, gauaren heltzearekin batera. Izan ere, 20:15ean pregoia eta txupina jaurtiko dute, eta makailau janarekin apainduko dute gaua. Porra txapelketa izango da biharko egunerako aurreikusitako azkena, hala nola. Adierazi dutenez, izen emateak 3 euro balio ditu, eta lau sari desberdin egongo dira irabazleen zain: “Lehenengo saria 50 euro eta zapia dira, bigarrena, 25 euro eta gazta bat. Hirugarrena, berriz, 15 euro eta Itsasmendi botila, eta azkena, 10 euro eta beste Itsasmendi botila bat”. Bihar izango da egun indartsuena, alegia. Musika, jana eta parranda herrikoia uztartuko baitituzte hurbiltzen diren muxikarrek. Hurrengo asteburuan ere giroa mantenduko da Ariatzan, irailak 21 eta 22rako ere egitaraua zabaldu baitute.
Etzi [irailak 15] ekingo diote erriogitiarrek Bizkaigane egunari. Urte berezitzat dute antolatzaileek aurtengoa. Izan ere, betiko “kutsu abertzalea” mantendu nahi dute egunean zehar, eta hildako gudariak oroitu ere egin nahi dituztela adierazi dute, beti egin duten bezala. “Jai giro herrikoia espero dugu”, eman dute aditzera, eta urterik urteko bertsolari edo txistulariez gain, aurtengo berritasuneri eman diote tokia. Hala nola, urte honetan 25. urtez antolatu dute ardi txakurren lehiaketa, eta urteurren hori nolabait “berezitu edo nabarmendu” nahi izan dute aurten: “Horrenbeste urte izan direla ospatzeko, ekintza berriztu eta osatu nahi izan dugu. Horregatik, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako txapeldunak etorriko dira Bizkaiganera”. Horrez gain, txakurrak ere bertokoak izango direla aitortu dute: “Artzainak Hego Euskal Herrikoak direnez gero, txakurrak ere horrela izatea pentsatu dugu. Hemengo arrazako txakurrak, hain zuzen”. Hori kontuan izanik, “betiko antzerako giroa” espero dute goizean zehar. Hala ere, inoiz baino jende gehiago itxaroten dute, txakurren lehiaketa berezia dela eta. Horren aldeko lana egin dutela esan dute, gainera: “Oihartzun gehiago eman diogu aurten kartelari, batez ere, txakurren lehiaketari keinu berezia eginez, horrela jende gehiago anima dadin”.
– Egitaraua:
ARIATZA (MUXIKA)
Gaur, barikua.
20:15. Pregoia eta txupin jaurtiketa.
20:30. Makailau jana.
22:30. Porra txapelketa.
Bihar, zapatua.
12:00. Meza nagusia.
Ostean. Pintxoak.
14:30. Herri bazkaria.
18:00. Briska txapelketa.
Ostean. Txokolatea.
21:30. Kontzertua. Erreten taldea.
Ostean. Erromeria. Fardy DJ.
Etzi, domeka.
12:00. Arimen aldeko meza.
Ostean. Pintxoak.
Irailak 21, zapatua.
15:00. Herriko kuadrilen arteko paella-jana.
19:30. Bertsolariak.
21:00. Erromeria. Beñat eta Argi.
Irailak 22, domeka.
12:00. Meza nagusia.
Ostean. «Baso-txoritxu» taldearen ekitaldia.
13:30. SARAGIAREN hileta.
BIZKAIGANE (ERRIGOITI)
Etzi, domeka.
11:00. Meza eta Errigoitiko bertsolariak.
12:00. Ardi txakurren lehiaketa.