Mundakako bidezubia konpontzeko eta babesteko obrak lizitatu dituzte
Lanen aurrekontua 2,8 milioi eurokoa dela aurreratu dute Mugikortasun Jasangarri Sailetik, eta egikaritze epea 20 hilabetekoa izango dela.
Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarri Sailak eta Euskal Trenbide Sareak Amorebieta-Etxano eta Bermeo lotzen dituen ibilbidearen barruan kokatutako Mundakako bidezubia konpontzeko eta babesteko lizitazio prozesua abian ipini dute. Aditzera eman dutenaren arabera, onartu duten aurrekontua 2,8 milioi eurokoa da (BEZ aparte); egikaritze epeari dagokionez, 20 hilabetekoa izango dela aurreratu dute.
Mundakako bidezubia Lamiaran inguruan kokatuta dago, azken izen hori duen kalaren gainean, hau da, Mundaka eta Bermeo udalerrien bitartean. Trenbide bakarreko trazadura dauka, metro bateko zabaleragaz; era berean, bere altuera 15 metrokoa da, eta altuera horretan mantenduz gurutzatzen du itsaslabarra, 4 metroko zabalera daukan taula batean. Bidezubiaren egitura harlanduz estalitako hormigoi ziklopeozkoa da, hamar baotan banatuta eta 90 metroko luzeragaz.
Arkitektura ezaugarri horiekin, azaldu dute bidezubia konpondu eta babestu egingo dutela obrek. Horretarako, hormigoizko dike bat eraikitzea aurreikusten dute, bidezubia itsasoaren olatuengandik babesteko; lan hori izango da, hain zuzen ere, zubia konpontzeko obrari ekin aurretik egingo dutena. Iragarri dutenez, mikropiloteen bitartez zimendatuta diseinatu dute babes hori. Zubiaren kokalekua tarteko eta dikea egiteko hormigoia beharko dutela aintzat izanda, azaldu dute dikea ponpatzeko hodi bat ipiniko dutela BI-2235 errepidetik kalaraino. “Behin-behineko elementua izango da, inguruan ahalik eta eraginik murritzena edukiko du, eta lanak bukatu ondoren kendu egingo da”, adierazi dute.
Behin dikea amaituta, bidezubiaren konponketari helduko diote. Zimenduetan bermaturiko aldamioak erabiliko dituzte, ordurako dike berriaren babesean egongo direnak eta pilaketarako eremu bezala ere erabiliko dituztenak. Ondorengoa izango da obren bilakabidea: zuloak lehengotzea, hormigoizko karbonataziotik babestea, landaredia eta gainazal kaltzifikatuak garbitzea, juntura berritzea eta, azkenik, abalasto hrmatxoak berreraikitzea. Hormatxo horiek, gainera, babes baranda edukiko dute.
Tarte horren jatorriaz.
Mundakako bidezubia Sukarrieta-Bermeo tartearen zati modura eraiki zuten, Amorebieta-Etxano eta Bermeo linearen azken fasean kokatuta. Amorebieta-Gernika-Sukarrieta linea 1893. urtean inauguratu zuten, Pablo de Alzola y Minondo bide ingeniariak proiektua 1884an prestatu ondoren. Edozelan ere, 1944ra arte, ez ziren lineari jarraipena emateko obrekin; Bermeora bitarteko zati hori, hain zuzen, 1955eko abuztuaren 16an inauguratu zuten.