Bueltan da Itsuki Irratia
Itsuki Irratia bueltatzeko hitzarmena sinatu dute Bermeoko Udalak eta Kostarri Kultur Elkarteak. Astelehenean, Santa Eufemia egunez, lehen harremanak hasiko dituzte herritarrekin, jai eremuan jarriko duten karpa batean.
Ia 37 urteko etengabeko jardueraren ostean, emisioa behin betiko etetea erabaki zuen Itsuki Irratiak 2022ko otsailaren 1ean, “ezin zutelako proiektu bideragarri batekin jarraitu”. Orain, baina, irrati uhinetara bueltatuko dira berriro, Bermeoko Udalak eta Kostarri Kultur Elkarteak Itsuki Irratia berriro martxan jartzeko hitzarmena sinatu ostean.
Astelehenean (irailak 16), Santa Eufemia egunean bueltatuko dira lanera, jai eremuan jarriko duten karpa batean. Lehen emisioa prestatzeko lanean hasiko dira orduan, herritarrekin lehen harremanak egiteko aprobetxatuko baitute eguna, eta zer hobeto hori kalean egitea baino. Hala, jai eguna aprobetxatuko dute herritarrekin elkarrizketak egiteko.
Itzulera eraberrituta egingo dute, irratiak formatu berritzailea izango duelako, betiere lehengo kutsua mantenduta. Hala, bermeotarrei zuzendutako programazioa zabaltzea izango da berriemaileen lehentasuna. “Hurbileko irratia izango da, euskalduna eta bertoko informazioari lehentasuna emango diona, bertakoei lekua eskainiz. Kutsu herrikoia izango du eta herriko nortasuna sustatuko du, herritarrak uneoro ondo informatuta egon daitezen”, adierazi du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak.
Irratiak lehen zegoen leku bera mantenduko du, Xabier Ortuzar Butron alkateordearen hitzetan: “Udalak lehen Itsuki Irratia zegoen Atalde kaleko lokala (antzinako bedel etxea) erabili barik zuekan, eta Kostarri Kultur Elkartekoek bertan egingo dute lan”. Jakinarazi duenez, denbora daroate gauzak prestatzen, “ahalik eta arinen martxan jartzeko”.
Ildo estrategikoa.
Bermeoko Udalaren Agintaldi Planeko ardatz estrategikoetako bat Bermeo bizia lortzea dela gogoratu dute udal arduradunek, eta ardatz horren barruan hainbat helburu estrategiko dituztela gogoratu dute: herria erakusleiho artistiko eta kulturala bihurtzea, herriko ondare kulturala eta identitatea balioan jartzea, Bermeoko jaiei hausmoa ematea, eta herritarrak euskaraz bizitzeko daitezen lortzeko euskara bereizgarri eta erakargarri egitea. Hala, Kostarri Kultur Elkartearen proiektua helburu estrategiko horiekin lerrokatuta dagoela azpimarratu dute udal ordezkariek, eta horregatik erabaki dute hitzarmena sinatzea.
Gainera, gaineratu dute hiru ekintzaile bermeotar daudela kultur elkartearean atzean: Josu Urkidi Elortegi, Jon Guarrotxena Layuno eta Ane Gangoiti Fradua. Busturialdeko X. Enpresa Ideia Lehiaketako U-BAI saria jaso zuten iaz, Urdaibaiko berezitasunak eta aniztasuna zabaltzeko podkast bat egiteko ideagatik, eta hori Bermeora eroan dute orain. Izan ere, ideia hori oinarri hartuta, bertoko informazioa bertoko erara zabaltzea izango baitute helburu.
Udal ordezkariak “pozik” agertu dira hitzarmenagaz, horri esker berriro ere martxan egongo delako Itsuki Irratia, eta, modu horretara, herritarrek beste euskarri bat izango dutelako bertoko informazioa euskaraz jasotzeko.