Herritarren kezkek ez dute erantzunik jaso
Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformaren kideak Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiagaz bildu dira, Busturialdeko museo makroproiektuaren inguruko kezkak hari helarazteko. Herritarrek dauzkaten zalantzak mahai gainean ipini dituzten arren, azaldu dute ez dutela erantzun baliagarririk jaso.
Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformako kideak Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe Landajuelagaz bildu ziren atzo [irailak 10], herritarrek dituzten “kezkak eta beldurrak” hari helarazte aldera. Plataformako partaideak “eskertuta” agertu dira, aldundiak bilerari baiezkoa ematearren. Azaldu dutenez, bilera hori museo makroproiektuaren inguruko “ahalik eta informaziorik zehatzena” eskuratu asmoz egin zuten. Ez hori bakarrik: “Geure aurkezpen laburra egin dugu eta geure helburua, Guggenheim Urdaibai proiektua behin betiko alboratzera, argi eta garbi utzi dugu”.
Herritarren kezkak “mahai gainean” ipintzeagaz batera, horiek sorrarazten dituzten zalantzak helarazi zizkieten Etxanoberi. Zalantzok honela laburbildu dituzte: “Gobernantza eredu inpositiboa; Biosfera Erreserbaren noranzkoaren kontra jardutea; proiektua ez izatea diagnostiko baten emaitza; proiektu eredu baten existentzia eza; Natura 2000 sareko Babes Bereziko Eremuan planifikatua egotea, zaugarritasun handiena daukan gunean; estuarioak bistaratzen dituen saturazio zantzuei jaramonik ez egitea; planetaren muga naturalak aintzat ez hartzea; diru publikoa helmuga pribatuetarako xahutzea; museoak ez erantzutean eskualdeak egun dituen beharrizanei; busturialdetarrak manipulatzea, Biosfera Erreserbaren etorkizun osasuntsua proiektuagaz erlazionatuz; prozesu parte hartzaile zuritzaileak abiatzea; eta, azkenik, tokiko kulturaren galera hauspotzea”. Era berean, plataformak argitu zuen ez duela onartuko “bere ahotan ipintzea ez dagokion adierazpenik”: “Egin, egiten eta egingo dugun urrats oro argia eta publikoa izango da”.
Plataformako kideek aldundiari zalantzak argitzeko egutegi bat osatzea proposatu diote
Ahaldun nagusiak plazaratutako kezka sortari ez ziola erantzunik eman azpimarratu dute eta, horrez gain, azaldu dute galderen kutsua unean erantzuteko “teknikoegia” zela erantzun zietela: “Aurrerago horretarako astia egongo dela esan zigutenez, egutegi bat osatzeko proposamena egin genion aldundiari, zalantza horiek argitzeko; hori betetzea espero dugu”. Etxanoberen hitzetan, aldundia garatzen eta sustatzen ari den proiektua “ona” da Busturialdearentzat; edozelan ere, nabarmendu du proiektua oraindik ez dagoela “ez erabat definituta, ez erabat erabakita”, eta “hainbat” direla administrazioetan eman beharrezko pausoak. Hori horrela, plataformaren erantzuna argia izan zen: “Proiekturik ez izanda ere, proiektua osatzen duten zatiak oso ondo ezagutzen ditugu, baita orain arte egindako urratsak ere; ez ditugu batere begi onez ikusten jarraitzen ari diren helburuak eta egiteko moduak, inposiziodun gobernantza eredua baita”.
Guggenheik Urdaibai Stop: “Erabakiak aldez aurretik hartuta baldin badaude, partaidetza prozedura publikoek ez daukate inongo zentzurik”
Interes pribatuen menpe.
Benetan parte hartzailea izango den prozesu baten beharra eta eskualdeak dauzkan beharrei buruzko diagnostiko konpartitua “derrigorrezkotzat” jo ditu plataformak, horren aurrean: “Erabakiak aldez aurretik hartuta baldin badaude, partaidetza prozedura publikoek ez daukate inongo zentzurik”. Museoa “noren mesedetan” bideratuko den galdetu dute, horren inguruko “zalantza justifikatuak” dituztelako: “Ez eraikitzea sekula planteatu ez duten aukera da, argi dugu Guggenheim Bilbao Fundazioaren interes pribatuek ezin dutela eskualde oso baten etorkizuna kolokan ipini”.
“Gaur, are konbentzituago gaude egitasmoa inongo diagnostiko barik suertatutako okurrentzia dela, lege edota araudiak moldatuz eta beren interesen arabera tolestuz egin gura dutena”
Bileraren balorazioari dagokionez, argitu dute ahaldun nagusiagaz batzeak “ez duela aldatu” makroproiektuari buruz zuten ideia: “Gaur, are konbentzituago gaude egitasmoa inongo diagnostiko barik suertatutako okurrentzia dela, lege edota araudiak moldatuz eta beren interesen arabera tolestuz egin gura dutena; urratsez urrats bideragarri egiten saiatzen diren bitartean, kea saltzen digute“.