Euskal diaspora erakusketa bihurtuz
Arturo Acebal Idigoras artistaren Euskadi eta Argentina batzen dituen lanen erakusketa hartu du Bizkaiko Foru Aldundiko Euskal Herria Museoak, azaroaren 24ra arte.
`Arturo Acebal Idigoras-Euskadi Argentina´ erakusketa dago Gernika-Lumon kokatutako Euskal Herria Museoan ikusgai. Erakusketak, “gure kulturaren esentzia leku urrunetara eraman zuten” euskal artisten historiak azaltzen ditu. Kasu honetan, Argentinara eramandakoa. Topaketak, bisita gidatuak eta hitzaldiak ere antolatu dira erakusketaren aterkipean. “Europara begira, baina bihotza Euskal Herrian jarrita” lelopean aurkezten da erakusketa.
Ekainaren 24ean aurkeztu zuen erakusketa Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputatuak: “Bizkaiko Foru Aldundian, berriro ere, beti presente dagoen euskal errealitate hori erakusten dugu, baina oraingoan hain ezaguna ez den alderdi bat nabarmendu nahi dugu. Erbestealdi haren alderdi artistikoa”. Izan ere, Acebal Idigoras erbesteratutako euskal sortzaileen komunitateko kidea izan zen, eta etengabean mantendu zituen bizirik euskal herriaren nortasun eta espiritua, “nahiz eta urrun egon”. Erakusketak, naturaren eta inguratzen gaituen guztiaren pertzepzio zehatza ematen du, eta “bere natura hiletan ere nabarmentzen den errealismoa” adierazten du lanetan.
Euskal eta argentinar kulturak uztartuz. Euskal Herria Museoak herriaren aberastasun kultural eta historikoa hedatzea eta babestea du helburutzat, eta euskal disasporak funtsezko eginkizuna du egiteko horretan. Hori kontuan izanik, “ehuneko ehuneko arrakasta” da Acebal Idigorasen erakusketa museoan finkatzea. Bere pinturen, marrazkien, zeramika-lanen, brontzezko lanen eta dokumentu originalen bidez, erakusketak “emozioz beteriko bidaia bat egitera” eramaten ditu bisitariak. Itxuraz guztiz desberdinak diren, baina lotura oso sakona duten bi kulturen paisaiak, ohiturak eta aurpegiak uztartzen ditu, gainera, erakusketa honek. Paisaiez inspiratzen izan da artista, hain zuzen ere. Hala nola, erakusketan zehar erakusten diren adierazpen desberdinen artean hurrengoa ikusi daiteke: “Paisaia, Acebal idigorasentzat, naturaren interpretazio zuzena eta objetiboa da”. Horrez gain, itsas zaporeko eta andeetako inguruneko “formen forjalari” ere izan zen, eta erakusketako hainbat lan dira horren isla, batez ere brontzezkoak.
Maria Jose Acebalek, artistaren alabak, “aitak bizitza osoan zehar arretaz gordetako dokumentu ezezagunak” utzi dizkio museoari, eta Argentinako diasporatik senide eta lagunei bidalitako eskutitzetako esaldiak ere ageri dira obren ondoan gehigarritzat. Artistak bizi izan zuenaren eta bizitza osoan arteari eskainitako dedikazioaren isla argia da erakusketa, alegia. Dokumentazio pertsonala, eskutitzak, egindako erakusketak, eta abar luze bat eskaintzen du erakusketak. Horregatik, eta Acebal Idigorasek autoerretratuekiko zuen grinagatik, erakusketak artista hobeto ezagutzeko aukera ematen du.
Erakusketak artistak eginiko hurrengo lanak batzen ditu: oihal gaineko 27 olio-pintura, akuarela bat, 9 marrazki eta zeramikazko eta brontzezko 12 pieza. Hala nola, erakusketaren katalogoak bost atal ditu. Horietako bakoitzak, Acebal Idigorasek Euskadin eta Argentinan egindako lana eta izandako esperientzia deskribatzen ditu: zeramika, txokoak, paisaiak, erretratuak, natura hilak eta formen forja-lanak. Lan denak, “gerraren eta gerraostearen testuinguruan” garatu zituen artistak, batik bat.