Bermeo elkarrekin, ligako azken txanparako
Urdaibai Arraun Elkarteak, BTWC elkarteagaz batera, abesti bat kaleratu du zapatuko [irailak 14] estropadan abesteko.
Bermeo Urdaibai Arraun Elkarteak Eusko Label Liga matematikoki poltsikoan badu ere, ez da asetzen. Garaipen kopuruaren errekorra eskura daukate eta horretarako azken bi estropadak irabazi behar dituzte. Tartean zapatuko [irailak 14] etxeko bandera.
Azken txanpa horretarako Bermeo Tuna World Capital elkarteagaz bat egin dute hauspoa emateko. Lankidetza “zirraragarria” dela esan dute eta helburua taldea “motibatzea” dela. SUNO adimen artifizialeko aplikazioaren bidez abesti bat sortu dute: Bermeoko erara, itsasoan harro!. “Zalego osoa gonbidatzen dugu Bermeoko kaleetan zehar letra ikasi eta abesti hau abestera, taldearen espiritua eta atunaren munduko hiriburuaren indarra herriko txoko bakoitzera eramanez”.
Arraun Elkartea babesten duten enpresetako langileen bideoak eta argazkiak biltzen ari dira. Hori gutxi ez, eta bermeotarrei ere kanpainan parte hartzeko mezua luzatu diete. Sare sozialetan #BTWCAupaUrdaibai eta #HerriBatTaldeBat traolak erabiliz bideoak eta argazkiak eskatzen dabiltza, bi eragileak ere aipatuz. Parte hartzen dutenen artean estropada ikusteko pertsona birentzako VIP pasearen zozketan sartuko dira. Gainera, elkartearen produktuen saski bat ere zozkatuko dute. Barikuan [irailak 13] esango dituzte irabazleak sare sozialen bidez.
Hain zuzen ere, jaietaz gain, Bermeo urdinez jantzi nahi dute arraunlariek ontzitik ondo ikusteko. Baina ez hori bakarrik, entzutea ere nahi dute eta txalogailuak banatuko dituzte Arraun Elkartearen egoitzan hurrengoko egunetan.
Adierazi dutenez, Urdaibai Arraun Elkarteak uretan gorpuzten ditu BTWC balioak: “Esfortzua, talde-lana, determinazioa, itsasoarekiko errespetua eta gure sustraiekiko errotzea”.