Erbesteak Basterretxearen obran izandako eragina aztertuko dute Euskal Herria Museoan
Alfonsina Leranoz euskal artean aditua den ikerlari argentinarrak erbesteak euskal artisten bizitzan eta obran izandako eraginari buruz berba egingo du, Basterretxearen eta Arturo Acebal erbesteratutako artistaren ibilbideetan murgilduz. Etzi izango da hizaldia, 18:00etan.
Nestor Basterretxea artista bermeotarraren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi, omenaldi eta bestelakoak antolatu dituzte administrazio, museo, edota kultur eragileek urte guztian, eta efemeridea gogoratzeko beste ekintza batek hartuko du etzi (irailak 12) Euskal Herria Museoa: Basterretxea erbestean hitzaldia eskainiko dute, 18:00etan.
Bizkaiko Foru Aldundiak artista gertutik eta “modu berezian” ezagutzeko antolatutako Basterretxea 3 taupadatan ekimenaren baitan prestatu dute hitzaldia, ekimenak Basterretxearen alde gizatiar eta artistikoa ezagutzea bilatzen baitu. “Gure kultura mundu zabalean ezagutarazi duen artistaren bizitza eta ibilbide artistikoaren funtsezko hiru garai landu nahi ditugu: jaioterriko Bermeoko kaleetan eta portuan olgetan dabilen mutiko alaia; erbestealdiaren ziurgabetasunari eta egonezinari aurre egin behar dion gaztea; eta, XX. mendearen erdialdeko korronte artistikoen eragina jaso zuen pertsona”, azaldu dute museoko arduradunek.
Lehenengo taupada Bermeon egin ostean, bigarrenaren txanda da orain, eta herritarrek erbestealdiak hura jasan zutenengan izan zuen eraginari buruz hausnartzeko tartea izango dute. Izan ere, Alfonsina Leranoz euskal artean aditua den ikerlari argentinarrak erbesteak euskal artisten bizitzan eta obran izandako eraginari buruz berba egingo du, Basterretxearen eta Arturo Acebal erbesteratutako artistaren ibilbideetan murgilduz. Hala, Argentinan erbesteratutako Acebalen lana ikusgai egongo da museoan. “Erakusketa horretatik abiatuta, ezagutuko dugu kolektiboak erbesteratzea nola bizi izan zuen eta horrek ondorengo lanean izan zuen eragina zein izan zen”, azaldu dute museoko arduradunek.
Arte gizona ere bai.
Arte gizona ere izan zen Basterretxea, eta hainbat korronte eta mugimenduk beregan izan zuten eragina ezagutuko dute irailaren 28ko, Omako Basoan egingo duten hirugarren taupadan. Horretarako Omako Basoa bisitauko dute, Agustin Ibarrola artistaren lana, eta bertan, gogoeta egingo dute, besteka beste, Basterretxeak 57 Taldekoekin izandako harremanaz, GAUR mugimenduan izan zuen parte hartzeaz edota Malevich artistaren eraginaz.