Denetarako eta denentzako lekua
Lamera habanera eta boleroz bete du Puerto Chico talde santandertarrak eguerdian. Arratsaldez, umeek margotze tailerraz gozatu dute, Bermeoko Txosna Batzordeak bultzatutako Txosna Txikian.
Atzokoa egun handia izan zen bermeotarrentzat, herriko jaien barruan Arrantzale Eguna ospatu baitzuten. Musika eta festa goizaldera arte luzatu ziren, eta gaur goizean [irailak 10] atseden hartzeko aprobetxatu dute askok.
Indarrak berreskuratuta, Puerto Chico elkartearen musika emanaldia izan zuten eguneko lehen hitzordua, 13:00etan, Lameran. Santanderreko Puerto Chico auzotik, garai batean arrantzale eta marinelak tabernaz taberna kantuan aritzeko elkartzen ziren auzotik hartu zuen izena instrumentuak eta ahotsa uztartzen dituen taldeak. Deialdiak arrakasta izan du, emanaldia hasteko ordu bete falta zela hasi baitira bermeotarrak lehen eserlekuak betetzen. Hala, Lamerara bertaratu zirenek ia bi orduz habanerak, boleroak eta munduko hamaika txokotako abesti ezagunenak entzuteko aukera eduki dute.
Koloreetako pintura. Ume eta gazteei zuzendutako egitarauak arratsaldeaz izan du bere une gorena. Arrantzale Egunean koloreetako talko-hautsak izan ziren bezala, gaur koloreetako pinturaz betetako puxgarriak izan dira protagonistak; izan ere, Burujabetasun zelaia paintball batailen eszenatoki bihurtu da. Bertan elkartu diren gazteek estrategia eta talde lana uztartzen dituen jolasaz gozatu dute, etxera garbi itzultzeko ahalegina egin bitartean. Bi txandatan lehiatu dira, 9 eta 15 urte bitartekoak lehenengo, eta, 15 urtetik gorakoak, gero.Ā
Txikienak ere txosna gunera hurbildu eta horiek ere egitarau oparoaz gozatzeko aukera izan dezaten aurkeztu du aurten lehenengoz Bermeoko Txosna Batzordeak Txosna Txikia, eta arratsaldez agerian gelditu da ideia horren beharra. 17:00etan margoketa tailerrean bildu dira adin ezberdinetako umeak, eta irudimena askatzeaz gain, jolasetarako tartea ere eduki dute.Ā
Bertso saioa. Jaietan ohikoa izan ohi den bezala, egunak luzeak izaten ari dira bermeotarrentzat, etengabe dutelako egiteko zerbait. Gaur iluntzean, esaterako, goi mailako bertso saioaz gozatzeko hitzordua dute, 21:00etan, Artza frontoian. Arkaitz Estiballes, Julio Soto, Miren Artetxe eta Onintza Enbeita arituko dira bertso-kantuan; gai jartzaile lanetan, berriz, Ander Elortegi ibiliko da.Ā