Arrantzan zebilen langile bermeotarraren heriotza salatu dute sindikatuek
Zortzi hilabeteetan 40 pertsona hil direla lanean salatu dute sindikatuek. Baliabideak arrantzaleen segurtasuna bermatzeko erabiltzeko eskatu dute.
Abuztuaren 25ean Bermeoko Pesqueria Vasco Montañesa SA enpresarako lanean ari zen arrantzale bermeotar bat hil zen Dakar (Senegal) inguruko uretan. Itsasontzian arrantzan ziharduen langilearen heriotza ez traumatikotzat jo dute ofizialki, eta LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute eguerdian Bermeon, Patronal eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte. Prekarietateak hil egiten du lelopean.
Lamerako elkarretaratzean, sindikatuetakoek salatu dute aurtengo zortzi hilabeteetan 40 pertsona hil direla lanean. «Gutxienez 40 langile hil dira lan istripuz, horietatik sei abuztuan», zehaztu dute.
Sindikatuetako ordezkariek euren elkartasuna eta samina adierazi diete hildakoaren senide, lagun eta lankideei gaur, eta salatu dute mota honetako istripuak aztertzeko eta argitzeko “sekulako trabak eta gardentasun eza” aurkitzen dituztela sarritan.
Heriotza ez traumatikoak
Gogoratu zutenez, heriotza ez traumatikoen atzean “faktore ezberdinak” daude, tartean lan karga, lan erritmoa, estresa… eta azpimarratu zuten horiek eragin zuzena dutela horrelako lan istripuetan. Hala, irmoki salatu zuten heriotza hori, eta LABekoek lan neurri gogor horietan jarri zuten arreta: “Arrantza sektorean gertatzen diren eskubide urraketak, hitzarmen duinen falta, segurtasun neurririk eza, etenik gabeko lanaldiak edota sektorearen ezaugarri diren lan neurri gogor eta arautu gabeak dira heriotza hauen errudunak”.
Arrazoi horiek, baina, ez direla bakarrak diote sindikatu horretakoek, eta baliabideak arrantzaleen segurtasuna bermatzeko erabiltzeko eskatu diete bai enpresa, bai instituzioei: “Baliabideak arrantzaleen segurtasuna bermatzeko erabili beharrean, armak erosteko ematen diete dirua, hauekin piraten erasoetatik babesteko”.
Baxurako arrantza “jasangarriagoa eta hurbilagoa” dela esanda, hori ere plan estrategiko beharrean itotzen ari dela salatu du LABek. Horregatik, arrantza sektorearen lan baldintzetan zein arauetan aldaketak egiteko eskatu du: “Arrantza sektore osoak behar du lan baldintzen aldaketa eta arauen ordenantza legala. Aski da orain dela urte askotako araudiekin eta ohiturekin lanean aritzeaz. Arautze berriak eragina izango luke istripu eta heriotzen tasan”.
Arrantza politikak ere badirela arrantzaleen istripuen erantzule diote LABekoek. Horregatik, lan osasuneko baldintza egokiak bermatzeko exijitu die LABek bai enpresei, bai Eusko Jaurlaritzari, ereduaren inguruko norabide aldaketa eta lan osasuneko neurriak betetzen direla bermatzeko.