Zortzigarren Kontxa lortu du Urdaibaik
Bermeoko taldeak bi jardunaldietan irabazi du Kontxako Bandera nagusitasunez, eta arraunlariei zein kubeko gainontzeko kideei harrera beroa egingo diete herritarrek Bermeon. Udaletik jakinarazi dutenez, 20:00etan izango da harrera udaletxean. Arraun Lagunak taldeko arraunlariek ere Kontxako bandera nagusitasunez eskuratu dute.
Ligan hamazortzi banderatik 12 lortu ditu Urdaibaik denboraldi honetan, baina denboraldiko banderarik berezienetan berezienetakoa eskuratu du gaur: Kontxakoa. Zortzigarrenez, Kontxako bandera eroango dute Urdaibaikoek Bermeora, eta harrera egingo diete herrian: 20:00etan jarri dute ordua udaletxean, Goiko plazan.
129. Kontxako Banderaren bi jardunaldietan azkarrena izan da Bermeo-Urdaibai, eta denboraldi bikaina borobiltzen ari dira talde bermeotarreko arraunlariak. Zierbenarekiko 14.10 segundoko aldea eta Donostiarrarekiko 15.42koa lortu zuen Kontxako lehen jardunaldian Bermeok, eta aldea handitu baino ez du egin gaur. Euren eskuetan dagoen guztia egitea zen talde bermeotarreko arraunlarien helburu nagusia estropada hasi aurretik, Iker Zabala entrenatzaileak horrela esanda, eta hala egin dute.
19.04,60ko denboran amaitu du gaur [irailak 8] lehia Urdaibaik, eta txandakideei ateratako aldeak nabarmenak izan dira. 12.60 segundoko aldea atera dio Zierbenari eta 14.16 segundokoa, aldiz, lehen txandan ibili den Hondarribiari. 16.34koa izan da aldea Oriogaz.
Hala, bi jardunaldietako emaitzak kontutan hartuta, nagusitasunez gailendu da Urdaibai. Sailkapen nagusian 38.10,08ko denbora egin du talde bermeotarrak, eta 26.70eko aldea atera dio sailkapen orokorreko bigarren izan den Zierbenari. Donostiarra sailkatu da hirugarren Kontxan, Urdaibaik baino 36.62 segundo gehiago behar izan da. Orio izan da laugarrena, Hondarribia bosgarrena, Getaria seigarrena, Kaiku zazpigarrena eta Cabo zortzigarrena.
Ohorezko txanda hasterako tentsioa nagusi zen Urdaibaiko, Donostiarrako, Orioko eta Zierbenako lau traineruetan. Hondarribia izan da lehen txandako onena, eta haren erreferentziagaz aritu dira bigarrenekoak: 19.18,73. Kontzentratuta zeuden arraunlariak, eta hala hasi dute lehen luzea. Parekidetasuna nagusi izan da luze horretan; ziaboga hartzerakoan bost segundoko aldea zegoen txandako lehenengo Urdaibairen eta Zierbena laugarrenaren artean, Orio bermoetarrengandik segundo bakarrera egonda. Baina Urdaibai ez da ezer kudeatzera uretaratu gaur, irabaztera baizik. Eta bueltakoan, hegan egin du. Bigarren luzeko lehen metroetatik errenta handitu baino ez dute egin arraunlariek, erakustaldia eskainiz eta amaitzeko hamabi segundoko tartea lortuz.
Bigarren luzearen amaieran, ohi legez, arraunlarien izenak banan-banan esanez eta irribarrea ahoan duela amaitu du lehia Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak, denei egindako lana eskertuz eta lanagatik zorionduz.
Bederatzi Aranberrirentzat.
Hain zuzen ere, Urdaibairen zortzigarren Kontxako bandera da, baina bederatzigarrena da Aranberrirentzat. Aita Manuel (Manuel Arrillaga) patroi ezagunaren marka berdindu du; Aita Manuelek 1917, 1921, 1927, 1928, 1929, 1930, 1931, 1932 eta 1945ean lortu zituen banderak. Aranberrik, berriz, 2011n, 2014an, 2015ean, 2016an, 2022an, 2023an eta aurten eskuratu ditu, bana Orio eta Santurtzigaz, eta besteak Urdaibaigaz.
Arraunaren historian sartu da, eta lorpen horiek lortzeko beragaz batera urte guzti horietan arraunean aritutako arraunlariak gogoan izan ditu, eta euren lana eskertu die Urdaibaiko patroiak: “Garrantzia kantitateari baino gehiago, bizipenei ematen diet. Bederatzi Kontxa dira. Kristorena da lortutakoa, balio handia ematen diot, baina orain gozatu beharra dago. Egindakoa sekulakoa da eta hor geratuko da. Horregatik, eskerrak ematen dizkiet taldekide guztiei, aurtongoei bakarrik ez, aurreko urteetakoei ere bai, eurek barik ez zelako posible izango hau. Gogoratu nahi dut Zarautzek emandako aukera ere bai”. Etxekoetaz ere gogoratu da patroia, eta emozionatuta, emazteari egiten duen lana eskertu dio, bera barik ez zelako posiblea izango lortu duena.
Hala, gaurkoa gozatzeko eguna dela esan du, merezimendu osoz irabazi dutelako. Tentsioa izan dutela aitortu du, hori beharrezkoa dela azpimarratuz: “Galtzeko tentsioa beti dago. Urduritasunik ez badago, zeozek funtzionatzen ez duen seinalea da”. Eta taldekideen lana ere azpimarratu du patroiak. “Mutilek sekulako lana egin dute, bai kanpora, bai barrura. Paladakada bakoitzean, segundo bakoitzean eta minutu bakoitzean borrokatu dute. Bueltakoan, haizea kontra izan dugu, baina sekulako lana egin dute taldekideek. 20 minutuko luze batean frenu handia da haize hori, baina olatua ondo hartu dugu. Ontzia ederto zegoen egokituta eta aurre egin diogu haizeari”, gehitu du.
Hain zuzen ere, Zabala entrenatzaileak esan du gakoetako bat izan dela haizearen kontrako tarte hori: “Haizeak atzetik ematerakoan aldeak sortzea zaila izaten da; desberdintasunak haizearen kontra joatean egiten dira”.
Estrategia bera.
Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak, Liga, eta Kotxako bandera irabazi dituzte Urdaibaikoek, baina ez dira irabaztera ohitu, gehiago nahi dute, gose dira. Hala berretsi du Alain Colunga ondarrutarrak: “Irabaztera ohituta egongo bagina ez ginateke traineruan jesarriko. Irabazi dugu eta momentua gozatu behar da”.
Jon Unanuek eta Colungak berak ere gaurko estrategia argia zela esan dute bandera irabazi ostean. “Egurra” ematera atera direla esan dute biek ala biek. “Ezer berezirik barik. Aurreko astekoa egitera etorri gara: ondo irtetera, erritmo gogorra ezartzera, eta bueltan tartea zabaltzera. Eta hori egin dugu”, esan du Unanuek. Espekulatu barik. Urdaibairen estiloan irabazi dute, joan den astekoari segika. “Ez genuen joan den astean lortutako errentagaz jolastu nahi. Bandera Bermeora eroan gura genuen, bi domeketan onenak izanda”, gehitu du Mikel Azkaratek.
Lortu dutenak erraza dirudien arren, lan asko dagoela atzean aitortu du Azkaratek berak: “Dena kontrolatzea zen asmoa. Bagenekien aurkariek gogortu egingo zutela estropada, eta guk gure lana ahalik eta ondoen egitea zen helburua. Ez geneukan beldurrik, eta ondo atera da. Bueltan gozatu egin dugu”.
Zabalak ere Urdaibairen azken urteetako lana goraipatu du: “Sekulako denboraldiak egiten ari gara, ez aurtengoa bakarrik. Historia egin dugu. Inork ez ditu gizonezkoen mailan TKE liga, Kontxa eta txapelketak urte berean irabazi. Gu gara lehenak, eta hori historiarako geratuko da”.
Onenen artean egotearen sekretua “lan egitea” dela dio entrenatzaileak: “Lan gogorraren emaitza da Kontxako bandera lortzea”. Eta taldea kudeatzeko zailena trainerutik kanpo nor geratu behar den erabakitzea izaten dela onartu du. “Zailena arraun egingo ez dutenak nortzuk diren erabakitzea da. Baina esan gura diet eurena ere badela Kontxa. Bandera Urdaibaik irabazi du, eta eurak ere taldearen parte dira. Arraunlari guztiek nahi dute arraunean egin, eta hori egin ez dutenek ere Kontxa irabazi dute, euren lana ere beharrezkoa delako horretarako”, argudiatu du.
Urdaibaik erakutsi du taldea ondo dagoenean indartsua dela, eta denboraldia biribiltzeko Bermeon irabaztea da asmoa orain. Hala ere, lehenago, gozamenerako tartea gorde gura dute arraunlariek, “inoiz ez delako jakiten zein izango den azken garaipena”.
Bigarren jardunaldiko sailkapena
1. Urdaibai 19:04.60
2. Zierbena 19:17.20 (+12.60)
3. Hondarribia 19:18.76 (+14.16)
4. Orio 19:20.94 (+16.34)
5. Getaria 19:25.56 (+20.96)
6. Donostiarra 19:25.80 (+21.20)
7. Cabo 19:48.72 (+44.12)
8. Kaiku 19:58.64 (+54.04)
Sailkapen orokorra
1. Urdaibai 38:10.08
2. Zierbena 38:36.78 (+26.70)
3. Donostiarra 38:46.70 (+36.62)
4. Orio 38:51.64 (+41.56)
5. Hondarribia 38:51.66 (+41.58)
6. Getaria 39:17.72 (+1:07.64)
7. Kaiku 39:44.90 (+1:34.82)
8. Cabo 39:51.22 (+1:41.14)
Arraun Lagunak nagusi.
Pareko bidea jarraitu dute Urdaibaik eta Arraun Lagunakek. Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazita, ligako estropada guztietan gailenduta eta Kontxako bandera lortuta denboraldia biribiltzen ari dira Arraun Lagunakekoak.
Irabazi ez ezik, erakustaldia ere eman dute Donostian. Laugarren kaletik, nagusitasunez aritu dira, eta 10:36.30eko denbora eginda helmugaratu dira, klubaren historiako hirugarren Kontxako Bandera eskuratzeko, bigarrena jarraian. Euren atzetik geratu da Donostiarra, bi asteburuetako denborak kontutan hartuta, 20 segundora baino gehiagora.
Lehia estua egon da bigarren postu horretarako, izan ere, hirugarren geratu diren oriotarrak Donostiarrakoengandik segundo bakarrera gelditu dira, eta laugarren sailkatu diren Tolosaldeakoak, aldiz, bira.
Denboraldi bikaina egin dute Arraun Lagunakekoek, eta Mar Larrea taldeko ondarrutarrak Kontxako bandera “ondo landu duten oparia” dela esan du lanak amaitzerakoan. Gainera, taldean duten harremana azpimarratu du, taldekideak ez ezik lagun talde bat direla esanez: “Denbora asko pasatzen dugu batera, eta oso garrantzitsua da elkarregaz ondo konpontzea. Familia bat gara, eta oso pozik gaude”.
Dena irabazi dute, eta jarraitzeko energia ematen diela aitortu du. “Sekulako gogoa ematen du, baina ea gorputzak jarraitzen uzten digun. Orain, gozatzeko garaia da”.
Sailkapen orokorra.
1. Donostia Arraun Lagunak 21:04.42
2. Donostiarra 21:25.08 (+20.66)
3. Orio 21:25.72 (+21.30)
4. Tolosaldea 21:26.60 (+22.18)
5. Astillero 21:45.10 (+40.68)
6. Chapela 21:56.08 (+51.66)
7. Kaiku 22:02.00 (+57.58)
8. Hibaika 22:17.14 (+1:12.72)