Xixiligaz batera ailegatu dira kalean ibiltzeko egunak
Bueltan dago ilehoria. Hasi dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, eta horiei hasiera emateaz arduratu da Naia Laso skaterra, Unai Gomez eta Mikel Jauregizar Athleticeko jokalariak ondoan zituela. Lehenago, baina, Almikatik Lamerarainoko jaitsieragaz berotu dituzte motorrak bermeotarrek.
Irrintzi artean agertu da Xixili. Kendu du galbana eta ipini du zapia. Hasi dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Jai giroa dago itsasoan, jai giroa dago baserrietan, jai giroa dago herrian. Izan ere, egunaro-egunaro kalean ibiltzeko egunak ailegatu zaizkie bermeotarrei.
17:30ak aldera, Almikatik Lamerarainoko kuadrillen jaitsierak kolorez jantzi ditu herriko kaleak. Irribarreak ahoan dituztela dantzan eta kantuan jaitsi dira herrigunera bermeotarrak, eta bizilagunek balkoietatik zein leihoetatik botatako ur freskoagaz busti dira. Ume, gazte zein nagusiak batzen dituen hitzordua izaten da jaitsiera, eta denak ere, bi astetan gainetik kenduko ez duten mahoiaz gain, osagarri koloretsuekin jantzita jaitsi dira. Hala, beste urte batez, umorea eta irudimena badutela erakutsi dute.
20:00ak aurretik, baina, Goiko plaza betetzear egon da. Mahoiek eta zapiek janzten zuten plaza, eta jai gogoa pil-pilean egon da. Xixiliren esperoan zeuden denak, ile horia balkoira noiz aterako zain, eta azkenean, irrintzi artean agertu da. Eta oihu eta txalo zaparradagaz eman diote ondoetorria.
20:00ak ailegatzerakoan eman diote hasiera aurtengo jaiei, lehenengoz ohi baino bi ordu lehenago. Eta hori egiteaz arduratu da Naia Laso skaterra, zeinu hizkuntzarako interprete batek lagunduta. Beragaz batera egon dira, gainera, Unai Gomez eta Mikel Jauregizar Athleticeko jokalari bermeotarrak, aurten Errege Kopa irabazi dutenak.
Skaterra Olinpiar Jokoetan aritu da, Park modalitatean, finalera ailegatuz eta zazpigarren postuagaz diploma olinpikoa lortuz; bera da kirol horretan finalera ailegatu den lehen euskalduna. Hala, herriko kirolariekin gogoratu da Laso pregoia botatean: “Gure modura, hainbat gazte kirolari dauzkagu herrian, eta momentu hau eurekin guztiekin elkarbanatzea gustatuko litzaidake”.
Horrez gain, bera pregoilari izatea bozkatu dute herritarrei esker ona adierazi die: “Plazer bat da hemen egotea zuekin guztiekin. Urte oso pozgarri baten ostean, azken txanpan indarrak hartzeko erarik onena da. Eskerrik asko ni hemen egotea bozkatu duzuenoi, eskerrak benetan, esfortzu handi baten sari ezin hobea da-eta”.
Nadia Nemeh alkateak ere herriko kirolariak gogoratu eta euren lana azpimarratu du: “Herrian baditugu beste hainbat kirolari ere, hemen ez egon arren gure herria lau haizetara zabaldu dutenak: Ian, Eneko eta beste hainbat ere bai. Horiek ezin ditugu ahaztu”.
Berdintasuna.
Hori esanda, berdintasunean oinarritutako Bermeo feminista bat gura dutela azpimarratu du alkateak, baita Bermeo euskalduna ere bai: “Gure Alde Zaharrean zein kale berrietan pertsona guztiak askatasunez eta ikara barik biziko garen Bermeo nahi dugu. Geure kresalak bustitzen duen hitz egiteko moduak aurrera jarraitzea nahi dugu. Eta zuek?”.
Herrian zein eskualdean “duintasunez bizitzeko aukera” izatea gura dutela gehitu du, bertakoek euren etorkizuna zein eta zelakoa izango den hemen erabakitzea gura duela esanez. “Hemen erabaki ahal izatea nahi dugu, kanpoko inposizio barik. Arrain handiak txikia jan barik. Arrain txiki askok taldea egiten dute, eta guk, elkarregaz, guztion ahaleginarekin arrain handiari aurre egingo diogu, guk nahi dugun moduko Bermeo eta Busturialdea eraikitzeko”.
Bermeoko jaiak herriak egiten dituen jaiak direla nabarmendu du Nemehk, “denen artean” egiten dituztenak: “Horregatik, gaur ezin ditugu ahaztu borondatez lanean dauden guztiak, jai egunetan zein urte osoan lanean dabiltzanak. Ze, gure herrian borondatez herriaren alde lan egiten duten lagun asko daude, eta horiei eskertu egin behar diegu euren lana. Eta euren lana eskertu nahi diegu kalerik kale ibili ahal izateko lanean ariko diren eta dabiltzan guztiei ere bai: garbitzaileak, tabernariak, komertzioetakoak… hainbat eta hainbat gremio eta norbanako. Zuei ere, mila esker”.
Hala, ez daudenetaz ere gogoratu da alkatea: itsasoan daudenetaz, gaixo daudenetaz, jaietan egoteko aukerarik ez dutenetaz. “Horien artean Bermeon zein munduko beste bazter guztietan bakean eta norbere lurretan libre bizi ahal izateko ametsa ere badago. Gora herri libreak! Gure ametsa handia da, lana eskatzen du, guztion indarra behar dugu, kolore guztiak behar ditugu. Zer, guztion artean amets hau egi bihurtzeko ahalegina egingo dugu??”, galdegin die Nemehek herritarrei.
Eta gozatzeko deia ere zabaldu du udaletxeko balkoitik: “Ikara barik ibiltzeko jaiak nahi ditugu, elkarri musturrak jaten ibiltzekoak, mutil zein neska, andra zein gizon, berton jaiotakoak edo urruti jaiotakoak. Ez du axola. Hasi ditzagun beraz, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak!”.
Jaiei hasiera emanda, denetariko aukera izango dute irailaren 16ra bitartean bermeotarrek.