Oroimena auzolanean eraikitzeko deia
Faxismoak 1937an eraildako Alejandro Mallona Izari eta hura baino urtebete lehenago erail zuten Marcelino San Anton mundakarrari omenaldia eskaini diote gaur Mundakan. Oroimena elkarlanean eraikitzeko deia luzatu dute udal ordezkariek.
Mundakarrek omenaldia egin diote gaur 1931n herriko alkate izandako eta faxismoak 1937an eraildako Alejandro Mallona Izari eta hura baino urtebete lehenago erail zuten Marcelino San Anton mundakarrari. Bakea eta memoria historikoa oinarri hartuta, mundakarrak plazan elkartu dira 12:00etan, eta herriko txistulariek gidatuta, kalejiran joan dira herriko kaleetan barrena Mallonaren izena daroan parkean amaitu arte. Bai Mallonaren bai San Antonen familiako hainbat kide bertaratu dira Euskal Herriko hainbat tokitatik zein kanpotik Mundakara, omenaldian parte hartzera, eta horiei lore sortak eskaintzera. Bertan, Mundakako Udaleko ordezkari zein adin guztietako herritarrek ere lore eskaintza zein ohorezko aurreskua egin zieten alkate izandakoari zein San Antoni, parke horretan Mallonaren omenez jarrita dagoen oroitarrian.Ā
Aurretik, baina, Mundakako alkate Sorne Rubiok hartu du hitza, eta faxismoak gerran zein osteko urteetan eragindako zauriak gogoratu ditu. “Urtero legez, iraileko lehen astean,Ā Mallona alkatearen oroitarrien aurrean batu gara, gogora ekartzeko haren heriotza eta gogora ekartzeko gerrako zein gudaren osteko heriotzak ezin direla ahaztu”, esan du, eta Mallona alkatea baino lehenago fusilatu zuten Marcelino San Anton ere gogoratu du.
Kartzela, erbestea zein beste edozein errepresio mota paraitu edo sufritu zuten mundakarren gomutaz, memoria leku horretatik herriaren historiaren ezagutzan sakontzeko aldarria egin du: “Gure herriaren historiaren ezagutzan sakondu behar dugu, bai ala bai. Etxean hasita, etxekoekin, gazteenek ikasi dezaten zein den gure iragana”. Askoren artean lortu dutela orainari balioa ematea esan du, “etorkizun hobe baten bila joateko”.
Hala, etorkizun hobe baten bila munduko bazterretara joan ziren mundakarrak gogoratu ditu, baita orainĀ Mundakara herri berri baten bila hurbildu diren horien egoera ere. Hori dela eta, memoria historikoa hezkuntzan, etxean zein elkarlanean lantzeko deia egin du Rubiok: “Oroimenaren transmisioak herri batuago egingo gaitu. Oroimena eskoletan eta hezkuntzan ere landu behar da. Ze, gogoan izan behar dugu garai batean zelako eskola eta hezkuntza eredua inposatu ziguten, eta zelako balioekin gainera. Etorkizuna gure seme-alaben eta horien seme-alaben eskutik dator. Ondorioz, beharrezkoa da oroimena leku publikoetan lantzea; esaterako, kaleen izenen zein beste oroigarri batzuen bitartez ere transmititu daiteke hori, gertatutakoa gogoan izateko”. Memoria hori hilerrira eroatearen beharra era aitatu du, “hor ere euskal izenak eta oroigarriak desagerrarazi zituztelako”.Ā
Oroimena auzolanean eraiki behar dela azpimarratu du alkateak gaurko ekitaldian, eta horretarako deia luzatu die herritarrei: “Oroimena auzolanean eraiki behar dugu. Guk, herritarron ordezkariok, auzolan horretara deitzen zaituztegu: egin dezagun Mundaka oroimenaren leku, askatasunaren, denon eskubideen eta Euskal HerriarenĀ demokraziaren alde”. Bitartean Mallona, San Juan eta faxismoak hildako herritarrak ez dituztela ahaztuko esan dute: “Ez zaituztegu ahaztuko”.
Mallonaren senideek ere hartu dute hitza, eta euren arbasoak 36ko gerran sufritutakoak oroitu dituzte, tartean Gernikako bonbardaketa. Izan ere, Mallona Mundakako alkate izateaz gain, Gernikan Euskal Errepublika aldarrikatu gura izan zuten alkateetako bat izan zen. Abertzalea izatez, Jose Antonio Agirre getxoztarra 1936. urtean Euzkadiko estreinako lehendakari hautatu zuen mahai nazionaleko partaide izan zen. Faxisten altxamendua Bizkaira ailegatu zenean, baina, preso hartu zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten. 1937ko irailaren 5eko egunsentian, frankistek Derioko hilerriko hormara eroan eta bertan fusilatu zuten.
San Anton, berriz, 20 urte besterik zituelarik fusilatu zuten, bere udalerritik hainbat kilometrotara, Leonen.