Nagusiak, gazteak eta umeak, txosnagunera
Jaiak bihar hasi arren, gaur [irailak 6] zabalduko dituzte txosnak: 20:00etan botako dute txupinazoa. Bermeoko Txosna Batzordeak Txosna Txiki antolatu du, txikienei zuzendutako egitaraua.
Almikatik jaitsiera egin, Xixili aurkeztu, eta alkatearen eta Naia Laso skaterraren pregoia entzuteagaz bat, jaiei hasiera emateko prest daude bermeotarrak. Azken egunetan mugimendua igarri da herrian, herenegun Itsasoko Gurutze Gorriak antolatutako Itsasoko Egunean bildu baitziren gaztetxoenak. Gazteak izan dira ere, nagusiki, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan herritarren topagune izaten den txosnagunearen muntaketaz arduratu direnak. Izan ere, barikua dela aprobetxatu, eta asteburuari ahalik eta etekin handiena ateratzeko asmoz, gaur irekiko dituzte txosnak.
Herriko hizkera, txosnara. Txosnagunea txupinazoa jaurtita inauguratuko dute, eta Bermeoko Txosna Batzordetik 20:00etan bertaratzeko deia egin diete herritarrei. Gainera, Palestinarekin Elkartasuna plataformaren eskutik, Palestinako herriari babesa adierazteko aprobetxatuko dute: “Elkartasun argazki erraldoia aterako dugu, oso polita izango da”.
Jaietako egitarauak aurkezten duen berrikuntzetako bat ere, txosna batzordearen eta Bermeoko Udalaren Euskara Sailaren arteko lankidetzatik jaio da, eta gaur iluntzean gauzatuko da, txosnen irekieragaz batera: Eingule? lehiaketa, udalerriko hizkera berreskuratu eta zabaltzea helburu duen dinamikaren hirugarren aldia, hartuko du txosnaguneak: “Udalak proposatu zigun, eta ondo ikusi dugu lehiaketa gure txosnara ekartzea”. Txosna batzordea osatzen duten eragileentzat “beharrezkoa eta polita” da lehiaketa herrikoiaren xedea, eta txosnagunean egitea “aproposa” dela iruditu zaie: “Jaien atarian egingo da eta giro polita egongo da. Gainera, txosnan jende gaztea eta belaunaldi berriak biltzen dira, beraz, galdu diren hitz asko errekuperatzen hasteko bidea izan daiteke”.
Herritar guztien bilgune. Txosna batzordetik txosnak denentzako espazioa izatea nahi dute, horregatik, jaiei begira prestatu duten egitarauaren barruen txikienentzako tartea ere zehaztu dute, Txosna Txiki deitu dutena: “Ia arratsalde guztietan izango dira umeei zuzendutako ekintzak, tailerrak, ikuskizunak… Bermeoko San Frantziskoko Familia Elkarteko kideek antolatutakoak gehienak”. Txikienek, besteak beste, Txoborro magoaren Gezur gehiegi “ikuskizun harrigarriagaz” eta Munduko Ipuinak ekimenagaz gozatzeko aukera izango dute: “Ikasturte amaierako jaialdian jarri zuten egitasmoa, eta errepikatu egingo dute: bakoitzak bere ipuina ekarriko du, kultura eta hizkuntza ezberdinetakoa izan daitekeena, eta guztien artean irakurri eta euskaratuko dute”.
Herritarrak biltzeko helburuari eutsiz, herri bazkaria ere antolatu dute biharko, berritasun moduan aurten Almikan egingo dena: “Almikako jaiei eta auzoari berari bere garrantzia eman nahi diogu, jende gaztea hurbildu dadin”. Bazkarirako 300 tiketak “oso arin” agortu ziren: “Herri bazkariak beti izaten du erantzun oso ona; tiketen salmenta hasi baino bi ordu lehenago jendea ilara egiten egon da aurten ere”. Antolatzaileek badakite “jende nahikotxo” tiket barik geratu dela, baina “gehienezko zenbaki bat” jarri behar dutela azaldu dute: “Eguraldi txarra egiten badu, txosnaguneko karpara jaitsi beharko gara”. Hala ere, txartelik lortu ez dutenei Almikara joateko deia egin diete txosna batzordetik, “giro ona” egongo baita. Gero, 17:30ean, egingo dute jaitsiera.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan bere tokia egitea lortu duten kuadrilla arteko lehiaketa ere ez da faltako. Bermeotarrek “oso ondo” erantzuten diote txosna batzordeak antolatutako txapelketari, “nahikoa serio” hartzen baitute lehia: “Normalean, hamabost kuadrilla inguru dira izena ematen dutenak, eta jaiek iraun bitartean puntuazioen zain egoten dira, ia egunero eguneratzen ditugulako taulak”.
Lehiaketa ere berritasunekin dator, antolakuntzatik “puntu gehigarriak” jartzea erabaki dutelako; besteak beste, muntaketa lanetan eta garbiketan laguntzen dutenek jasoko dituzte puntu horiek. Play-back lehiaketa, tortilla txapelketa, Elkartasun batel estropada eta Eskalada Txosnerue ere puntuagarriak izango dira.
Boluntario bila. Txosna batzordean hiru dira aurten “aktibo” egongo diren eragileak: “Bermeoko San Frantziskoko Familia Elkarteak, Gazte Topagune Sozialista, Aske eta Ernai. Hala ere, herriko beste hainbat taldek ere txandaren bat egingo dute, boluntario moduan, esaterako, Alkartasuna Dantza Taldekoak eta Bermeo FTkoek”.
Iaz, komunikatua plazaratu zuten, txosnek egunero zerbitzua eman ahal izateko elkartasuna eta lanerako prestutasuna eskatuz. Aurten txosnetako txandak “nahikoa ondo” doazen arren, astelehenerako, Arrantzale Egunerako oraindik betetzeko dauden txandak dituzte: “Horrek ikara ematen digu”. Berriz errepikatu dute sare sozialen bidezko deialdia, eta iazko “erantzun ikaragarria” errepikatzea espero dute: “Iaz minutu gutxira jendea apuntatzen hasi zen; sarri, publikatu arte jendea ez da ohartzen denen parte hartzea beharrekoa dela”.
Bermeo zein inguruko herrietako biztanleek txosnetako txandak zein bestelako eginbeharretan laguntzeko aukera daukate. Bermeoko Txosna Batzordearen sare sozialetan (@bermeokotxosnabatzordea) txanden egoeraren dokumentua jarri dute eta, boluntario modura lagundu nahi izanez gero, bertan adierazi beharko dela azaldu dute.