Errespetuzko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien desira
Bermeoko Mugimendu Feministak erasoen aurkako protokoloa sortu du txosnagunerako. Gaur [irailak 6] egingo dute 2. formakuntza saioa. Udaletik Bermibus eta Puntu Morea mantendu dituzte biharko [irailak 7] eta irailaren 9, 13 eta 14rako.
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak errespetuzkoak izatea nahi dute Bermeoko Udalak eta herriko mugimendu feministak, errespetua denek ondo pasatzeko oinarria delako. Argi du Bermeoko Mugimendu Feministak: “Parranda eta txosnagune espazio seguru, anitz eta feminista nahi dugu”. Horretarako, txosnagunerako protokoloa sortu dute.
Mugimendu feminista aurten Txosna Batzordean ez badago ere, bertako kideak badaude, mugimendu feminista hainbat kidek, kolektibok eta norbanakok osatzen dutelako. Gogoratu dute Gune Segurua edozeinentzako prest egongo dela; “erasotua esku hartzeko eta lasai egoteko espazioa izango da”. Horrez gain, gogoratu dute Udaltzaingoaren 946-17 91 11 eta 112 eta 016 telefonoak erabilgarri egongo direla eguneko 24 orduetan.
“Lehen helburua erasotua izan den pertsona babestea izango da, inolaz ere ez epaitzea, eta batez ere bere nahiak entzun eta betetzea. Guztiaren gainetik bere desioak beteko dira, gertatutakoaren berri eman nahi badu edo ez, edota konfiantzazko pertsonaren batekin harremanetan jarri”. Horretarako, hiru kasu bereizi dituzte: erasoa sufritzea, erasoa ikustea eta erasotua laguntza eskatzeko moduan ez egotea. Beraz, kasu bakoitzak ere bere protokoloa dauka.
“Protokoloa kolektiboki lantzerakoan, martxan jartzerakoan eta ezagutzera ematerakoan zabaltzen baita erasoen aurkako kultura”
Hiru esparrutan eragiteko asmoa du protokoloak. Lehenik, pedagogikoa, “protokoloa kolektiboki lantzerakoan, martxan jartzerakoan eta ezagutzera ematerakoan zabaltzen baita erasoen aurkako kultura”. Bestetik, prebentzioa, protokoloa existitzeak berak eragin dezakeelako erasoei aurrea hartzeko tresna gisa. Azkenik, erantzun kolektiboa emateko balio du, “erasoen aurrean erantzun irmoa adierazteko aukera ematen duelako”.
Aurten ere, jaiak hasi baino lehen bertan egon daitezken erasoen aurrean jarduteko eta erantzuna emateko formakuntza prestatu dute. Formakuntza txosnagunean lan egingo dutenei zuzenduta dago, guztien erantzukizuna baita jai giro ona bermatzea. Helburua da batez ere txanda bakoitzeko arduradunek behintzat protokoloaren berri izatea. Gaur [irailak 6], 12:00etan, bigarren saioa egingo dute txosnagunean.
Jarraipena ematen
Iazko arrakasta ikusita, aurten ere, Bermibus Gautxoria egongo da bihar [irailak 7] eta irailaren 9an, 13an eta 14an, 24:00etatik 05:00etara, 30 minuturo. Artzako biribilgunetik aterako da eta Txibitxiaga kalekoa izango da azken geltokia. Bermibus Gautxoriak ibilbide zehatza izango duen arren, geltoki malguak eskainiko dituela argitu dute, herritarrek horrela eskatzen baldin badute. Iazko jaietan, 600 herritar inguruk erabili zuten zerbitzua.
Bestalde, bihar [irailak 7] eta irailaren 9an, 13an eta 14an, 24:00etatik 04:00etara, Puntu Morea egongo da txosnagunean, zalantzak argitzeko eta laguntza eskaintzeko. Horrez gain, herrian zehar ere informazio panelak jarri dituzte. “Horrekin guztiarekin, bermeotarren eta gurera hurbiltzen direnen segurtasuna bermatu gura dugu”, argitu dute udaletik. Bide horretatik, herri segurua lortzeko asmoz, azken hilabeteetan Berdintasun Sailetik herriko taberna eta denda batzuekin lanean egon dira: “Lanketa horretan, bertako langileek formakuntza jaso dute, erasoren baten aurrean lehenengo laguntza eman ahal izateko”.