Zabalik dago Ajangizko kirol ikastaroetarako izen ematea
Dagoeneko izena emateko epea zabalik dago, eta irailaren 10era arte egin daiteke hori.
2024-2025 ikasturterako lau ikastaro prestatu ditu Ajangizko Udalak: pilaflex, kardiobox, GAP eta Yoga. Halaber, gehitu dute pilates ikastaroa sortzeko monitore bila dabiltzala, eta lortuz gero, jakinaraziko dutela.
Dagoeneko izena emateko epea zabalik dago, eta irailaren 10era arte egin daiteke hori, 94 625 19 13 telefono zenbakira deituta edota ajangizkoudala@ajangiz.eus helbide elektronikora idatzita. Jakinarazi dutenez, herrian erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna.
Irailaren 16tik aurrera hasiko dira Isabel Rodrigok martitzen eta eguenetan zuzenduko dituen pilaflex eta kardiobox ikastaroak; 18:30etik 19:30era izango da kardioboxeko ordua, eta 19:30etik 20:30era bitartekoa, berriz, pilaflex.
Bestalde, urriaren 1ean hasiko dira GAP eta yogako ikastaroak. Yogakoa Lola Gonzalezek zuzenduko du martitzen eta eguenetan, 17:00etatik 18:00etara bitartean, eta GAPeko arduraduna Oier Maguna izango da, astelehen eta eguaztenetan, 19:15etik 20:00etara bitartean.