Denboraldiaurreko lehen lagunartekoa Barakaldoren aurka jokatuko du Lointekek
Urte askoren ostean taldeak ikusleen aurrean jokatzen duen denboraldiaurreko lehen lagunartekoa izango da domekakoa; 12:30etik aurrera lehiatuko dute Malosten, doan.
Lointek Gernika Bizkaiak HGB Horbisa Greenkw Barakaldoren aurka neurtuko ditu indarrak domekan (irailak 8), 12:30etik aurrera, Malosten, denboraldiaurreko lehen lagunartekoan. Sarrera doakoa izango da.
Bi asteko lanak eginda ailegatuko dira Gernika-Lumoko taldeko jokalariak denboraldiko lehen neurketara, eta ez dute lan erraza izango. Izan ere, Emakumezkoen Challenge Ligako taldea izango dute aurrez aurre. Denboraldi bikaina egin ostean, Barakaldoko taldeak ez zuen Challenge ligarako igoera kantxan lortu, baina beste talde batzuek maila horri uko egin ostean, azkenean esperotako maila horretan ariko dira Barakaldokoak. Aritz Duroren agindupean, bigarren mailako kategoriako aurkarien aurka lehiatu gura dute: horretarako izugarri indartu dira, eta iazko jokalariak mantentzen dituzte, tartean Olaia Arenas.
Hala, Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak lehen proba gogorra izango du domekan, eta hori aprobetxatuko du urriaren 5ean Duran Maquinaria Ensino taldearen aurka jokatuko duten ligako lehen neurketarako kontuak fintzeko.
Domekakoa, gainera, urte askoren ostean taldeak ikusleen aurrean jokatzen duen lehen lagunartekoa izango da, baina ez da bakarra izango; izan ere, aurten bi lagunarteko jokatuko dituzte Malosten: bata, domekakoa, eta bestea, hurrengo zapatuan (irailak 14) Basket Landesen aurka 18:30etik aurrera jokatuko duena. Tartean, gernikako taldekoak Mallenera joango dira eguaztenean (irailak 11) Casademont Zaragozaren aurka jokatzeko; 19:00etan izango da neurketa.
Guzti hori Emakumezkoen Endesa Ligaren hasierara “ahalik eta sasoi onenean” iristeko lanketa da.
Aste honetan, gainera, Taylor Mikesell taldeagaz batera ari da entrenatzen, bisatuarekin izandako arazoak konpondu ostean. Maya Dodson, berriz, datorren astean helduko da Gernikara. Hala, jokalari guztiak elkarrekin entrenatzeko prest egongo dira.