DBH amaitu duten ajangiztar ikasleentzat eskola garraio zerbitzua jarriko du udalak
DBH amaitu eta euren ikasketekin jarraitu gura duten ajangiztar ikasleentzako garraio zerbitzua antolatzea erabaki du Ajangizko Udalak ikasturte berri honetarako (2024-2025). Izan ere, adin horretako ikasleek ez dute gidatzeko baimenik eta gurasoek ere arazoak izaten dituzte seme-alabak institutuetara edo Barrutialdera eroateko.
Hala, taxi zerbitzua eskaintzea erabaki du udalak, eta herrian egoera horretan dauden zazpi ikasleetatik sei izango dira zerbitzua erabiliko dutenak. Hori horrela, goizetan ikastetxera eroan eta arratsaldetan horietan jasotzeko zerbitzua jarriko dute.
Udal arduradunek jakinarazi dutenez, herriko familiei eta ikasleei ikastetxeetara gerturatzea erraztu gura izan diete.
Guztira, 9.900 euroko aurrekontua dauka zerbitzuak, eta gurasoek hileko 15 euro ordaindu beharko dituzte; beste guztia udalak ordainduko du.
Bestetik, Ajangizko Udala eta beste hainbat udal Bizkaiko Foru Aldundiaren garraio sailagaz harremanetan ari dira, taxi zerbitzu zabala herritarren beharrizanetara egokitzeko asmoz. Zerbitzu pilotu hori 2025eko erdialderako jartzea aurreikusi dute, baina aldundiak erabakitzen duenaren esperoan, derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitu duten ikasleentzako zerbitzua udalak eskainiko du. Gero, aldundiaren eskaintzaren arabera egokituko dutela jakinarazi dute.