Mendatako Nekazal Azoka egonkortuta dator
Irailaren 8an egingo dute eta askotariko ekintzak antolatu dituzte.
Oporren amaieragaz batera, egitarauan egonkortu den azoka da Mendatako nekazal azoka. 26. aldiz ospatuko dute irailaren 8an Mendatako Udalak antolatuta. “Ikusteko, dastatzeko eta erosteko aukera ezin hobea” dela nabarmendu dute udaletik. “Finkatuta dagoen azoka bat da, egin izan dugunak ondo funtzionatzen du, etortzen direnei gustatzen zaie eta horrela jarraitu gura dugu”.
Hala ere, egongo da zer ikusi eta zerekin gozatua. Iaz bezala, euskal oiloaren erakusketa orokorra egingo da artape atzean; abere erakusketa, haurrentzako puzgarriak eta taloa egiten ikasteko tailerra ere egongo dira bertan. Askotariko postuak egongo dira: Ortuariak, txakolina, gazta, ogia, euskal pastela, eztiak, kontserbak eta eskulanak egongo dira, besteak beste.
Ostean, 12:30ean, “norgehiagoka ikusgarria” eskainiko dute idi probatan arituko diren Gatikako Jon La Cruzek eta Paresiko Iturbe Anaiek. Mendatako Udaletik herritarrei hurbiltzeko eta bere aletxoa jartzeko eskatu diete Mendatako Nekazal Azokak beste 25 urte bete ditzan, “herritarren kolaborazioa eta inplikazioa eskaten ditugu aurrera jarraitzeko”, azaldu dute.